Mundua -
Protestak Erresuma Batuan
Scotland Yard Flickr erabiltzen ari da arpilatzaileak identifikatzeko
Ekintza honek eztabaida etikoa piztu dezake, kaleetako bideozaintza kameretatik ateratako irudiak webgunera igotzen ari baitira eta baliteke pertsonen intimitaterako eskubidea urratzea.
Erredakzioa
Poliziak arazo ugari ditu Londres eta gainontzeko hirietako istiluak kontrolatzeko eta bere esku dagoen guztia egiten ari da, batez ere sute eta arpilatzeekin amaitzeko. Ahalegin horietan sare sozialek garrantzi berezia hartu dute. Oraingoan, Polizia Flickr ataria erabiltzen ari da, arpilatzaileen argazkia bertara igo eta nortzuk diren jakiteko.
Irudi galerian aurpegia estalita duten gazteen argazkiak agertzen dira, ustez istiluetan parte hartzea leporatzen diete. Argazkiak Londreseko hegoaldeko Crydon eta West Norwood auzoetako bideozaintzarako kameretatik atera dituzte. Flickr-en arabera, laster irudi gehiago publikatuko dituzte.
''Withern Operazioa'' izeneko ekimen honen bitartez, herritarrek istiluetan parte hartzen ari diren gazteak identifikatzea nahi du Londreseko Poliziak.
Ekintza honek eztabaida etikoa piztu lezake, kaleetako bideozaintza kameretatik ateratako irudiak webgunera igotzen ari baitira eta irudi horietan edonor ager daitekeelako. Ondorioz, baliteke pertsonen intimitaterako eskubidea urratzea, The New York Timesen arabera: "Webgunera igo dituzten hainbat iruditan jendea zutik agertzen da, kaletik ibiltzen, anabasa zeharkatzen edo dendei begira".
Google Groupsen ere
Bestalde, garatzaile independenteen talde bat Google Groupsen bitartez harremanetan da indarkeriazko ekintzen arduradunak identifikatzeko teknologia nola erabili aztertzeko.
Antza denez, aurpegia antzemateko teknologiak erabiltzen ari dira Facebook, Twitter eta Flickreko irudi publikoak erabilita.