Mundua -

Istiluak, laugarren egunez

Cameron: 'Erantzuna eman behar genuen eta irmotasunez erantzun dugu'

Bigarren egunez jarraian, lehen ministroak krisi-kabinetea zuzendu du Downing Streeten, indarkeria boladari eman beharreko erantzuna ebaluatzeko. Lau egunetan 768 pertsona atxilotu dituzte.

Cameronek krisi-kabinetea bildu du bigarren egunez jarraian. Argazkia: EITB.
Cameron: 'Beldurraren kultura kalean nagusitzea ez dugu onartuko'

05:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetako indarkeria boladaren aurrean "erantzun bat eman behar genuen eta irmotasunez erantzun dugu", esan du David Cameron lehen ministro britainiarrak.

Gainera, Cameronen ustez, egoerak Erresuma Batuaren "txarrena" eta "onena" erakutsi du, indarkeria bultzatu duten "gaizkileei" eta horien kontra borrokatzen ari diren poliziei erreferentzia eginda.

"Beldurraren kultura kalean nagusitzea ez dugu onartuko", gaineratu du lehen ministroak.

Bigarren egunez jarraian, lehen ministroajk krisi-kabinetea zuzendu du Downing Streeten, indarkeria boladari eman beharreko erantzuna aztertzeko. Lau egunetan 768 pertsona atxilotu dituzte.

Istiluen arduradunei erantzuteko Poliziak baliabide sendoagoak erabil ditzakeeka iragarri du David Cameronek; ur kanoiak edo gomazko balak aipatu ditu.

Hiru hildako Birminghamen

Birminghamen, Erresuma Batuko bigarren hiri jendetsuenean, istiluak bigarren egunez izan dira. Gazteek dendetan lapurreta egin dute eta Poliziaren kontra ere aritu dira.

Gainera, hiru pertsona hil ziren gauerdi aldera auto batek harrapatuta. BBC telebista katearen arabera, poliziak gidaria atxilotu du eta kotxea konfiskatu.

Londres eta Manchester

Nolabaiteko barealdia izan dute bart Londresen Poliziak, istiluak saihestu nahian, 16.000 agente kaleetara atera ondoren.

Manchesterren, ipar Ingalaterrako 500.000 biztanleko hirian, 2.000 gazte inguruk Poliziaren kontra egin du. Gainera, dendetan arpilatzeak egin eta suteak eragin dituzte.

Poliziak susmagarrien irudiak publikatu ditu

Bestalde, Scotland Yardek Londreseko istiluetan parte hartu duten susmagarrien argazkiak bere webgunean publikatu ditu eta haien izen-abizenak jakiteko herritarren laguntza eskatu du.

Hurrengo egunetan, segurtasun indarrek bideozaintzarako kamerek hartutako irudiak aztertuko dituzte pertsona gehiago atxilotzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea