Mundua -
Istiluak, laugarren egunez
Tentsioa da nagusi Birminghamen, gau gatazkatsu berri baten atarian
Asteartean Londresko auzo honetan hiru gazte musulman hil zituzten eta heriotzak hauek istilu berriak piztearen beldur da Polizia. Indarkeria olatu honek 4 biktima eta 1.000 atxilotu ekarri ditu.
Erredakzioa
Birmingham Londresko auzoa prest dago balizko gau gatazkatsu berri bati aurre egiteko. Astearte honetan hiru gazte musulman hil ziren auzo honetan, ibilgailu batek harrapatuta eta Polizia jazoera ikertzen dabil, hilketa bat izan delakoan. Horrela, Erresuma Batuko hiriburuko auzo honetako dendek ohi baino goizago itxi dute eta jendea etxeetan gorde da.
Bitartean, britainiarrak zur eta lur daude eta istilu hauetan parte hartzen ari diren gazteei buruz euren buruari galdetzen ari diote. Adituek diotenez, Londresko indarkeria olatu hau ezin da alderatu 2005ean Parisen edo 1980ko hamarkadetan Erresuma Batuan jazotakoarekin.
"Argi dago azken egunetako istiluetan ez dela ezer aldarrikatu, gizarte kontsumistarekin lotutako istiluak baitira", azaldu du Paul Baggule soziologoak, "jendeak behin eta berriro ikusi ohi ditu beharrezkoak ez diren produktuen iragarkiak eta produktu horiek azkenean beharrezko bihurtzen dira", azken egunotan eman diren lapurretei eta harrapaketei aipamena eginez.
Indarkeria gelditzeko baliabide sendoagoak
Azken egunetako indarkeria boladaren aurrean "erantzun bat eman behar genuen eta irmotasunez erantzun dugu", esan du David Cameron lehen ministro britainiarrak.
Gainera, Cameronen ustez, egoerak Erresuma Batuaren "txarrena" eta "onena" erakutsi du, indarkeria bultzatu duten "gaizkileei" eta horien kontra borrokatzen ari diren poliziei erreferentzia eginda.
"Beldurraren kultura kalean nagusitzea ez dugu onartuko", gaineratu du lehen ministroak. Bigarren egunez jarraian, lehen ministroak krisi-kabinetea zuzendu du Downing Streeten, indarkeria boladari eman beharreko erantzuna aztertzeko.
Istiluen arduradunei erantzuteko Poliziak baliabide sendoagoak erabil ditzakeeka iragarri du David Cameronek; ur kanoiak edo gomazko balak aipatu ditu.
Poliziak susmagarrien irudiak publikatu ditu
Bestalde, Scotland Yardek Londreseko istiluetan parte hartu duten susmagarrien argazkiak bere webgunean publikatu ditu eta haien izen-abizenak jakiteko herritarren laguntza eskatu du.
Hurrengo egunetan, segurtasun indarrek bideozaintzarako kamerek hartutako irudiak aztertuko dituzte pertsona gehiago atxilotzeko asmoz.