Mundua -
Koronabirusa
Italia 200.000 positiboetara gerturatu da eta hildakoak ia 27.000 dira
Guztira 199.414 koronabirus kasu erregistratu dira, eta azken 24 orduetan kutsatutakoek gora egin duen arren, zifra oso baxua da, eta kutsatzeen kurbak beheranzko joera izaten jarraitzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Italiak 199.414 koronabirus kasu erregistratu ditu, eta azken 24 orduetan 1.739 positibo gehiago antzeman diren arren, zifra oso baxua da, eta kutsatutakoen kurbak beheranzko joera adierazten jarraitzen du.
Hildakoak 26.877 dira jada, azken 24 orduetan 333 pertsona gehiago zendu direlarik. Azken datu hau igandekoa (260) baino altuagoa da, baina azken asteetakoa baino askoz baxuagoa, Angelo Borrelli Babes Zibileko buruzagiak gaur eman dituen datuek diotenez.
Gaur egun, 105.813 positibo daude erregistratuta, beheranzko joeran jarraitzen duelarik. Apirilaren 27ra arte, 66.624 pertsona sendatu dira, eta ospitaleratutakoak gero eta gutxiago dira.
"Hildakoen eta kutsatutakoen zifrak jaisten ari dira, baina ez dugu ahaztu behar birusak hor jarraitzen duela herrialde osotik mugitzen", adierazi du Silvio Brusaferro Osasun Institutu Nagusiko presidenteak. "Datu hauek, hartutako neurrien eraginkortasunaren arrakasta erakusten dute, eta jarduerak berrabiaraztera gonbidatzen du, beti ere kasuen zifrak arretaz jarraituz", gaineratu du Brusaferrok.