Mundua -

Koronabirusa

Hildakoen eta kutsatuen kopuruak behera egin du berriro Italian

Beste 165 lagun hil dira azken 24 orduetan. Konfinamendurik gabeko udaz gozatu ahalko dutela hitzeman die herritarrei Italiako lehen ministroak.

Italiako hondartza baten irudia, koronabirusagatik itxita. Argazkia: EFE
Italiako hondartza baten irudia, koronabirusagatik itxita
Italiako hondartza baten irudia, koronabirusagatik itxita. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusagatik Italian egunero izandako hildakoen eta kutsatuen kopuruak behera egin du berriro, Italiako Babes Zibilak igande honetan kaleratutako datuen arabera. Azken 24 orduetan beste 165 pertsona hil dira, eta 802 gehiago kutsatu. Pandemia hasi zenetik, 219.000 lagun baino gehiago kutsatu dira, eta 30.500dik gora hil.

Beheranzko joera hori egiaztatzen dute gaurko datuek, izan ere, 'La Repubblica' kazetaren arabera, kutsatuen kasuan, martxoaren 6az geroztik izandako kopururik txikiena da gaurkoa, eta hildakoen kasuan, berriz, martxoaren 9az geroztik izandakoa.

Gaixoen artean 1.027 pertsona daude Zainketa Intentsiboetan (atzo baino zazpi gutxiago), eta 13.618 lagun daude ospitaleratuta, koronabirus sintomekin (atzo baino 216). Guztira, alta eman diete 105.186ri (aurreko zenbaketan baino 2.155 gehiago).

Eskualdeka, Lombardia da kaltetuena (30.190 kutsatu eta 14.986 hildako); Piamonte (13.650 kutsatu eta 3.367 hildako); Emilia-Romagna (7.191 kutsatu eta 3.845 hildako); Veneto (5.591 kutsatu eta 1.657 hildako); eta Toskana (4.147 kutsatu eta 942 hildako).

Konfinamendurik gabeko uda

Zifra horien aurrean, konfinamendurik gabeko udaz gozatu ahalko dutela hitzeman die herritarrei Giussepe Conte Italiako lehen ministroak. "Kostaz, mendiez, gure hiri ederrez gozatu ahalko dugu", iragarri du Contek 'Corriere della Sera' egunkarian igande honetan argitaratutako elkarrizketa batean.

Dena dela, Italiako lehen ministroak aitortu duenez, "oso hilabete zailak izango dira, gerraosteko garaitik izandako probarik latzena izango da". "BPGaren beherakada handia izango dugu, eta ondorio ekonomikoak oso mingarriak izango dira", ondorioztatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea