Mundua -
Palestina
Israelek miliziano bat hil du Gazan
Palestinar taldeek tentsioa areagotzea galarazteko astelehenean su-etena deitu zutenetik izandako lehen "hilketa selektiboa" izan da.
Erredakzioa
Jihad Islamiarraren talde armatuko miliziano garrantzitsuenetako bat hil du gaur Israelek, “hilketa selektiboa” eginez, palestinar taldeek tentsioa areagotzea galarazteko astelehenean su-etena deitu zutenetik egin duen lehen erasoan.
Israelgo Armadak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, biktima Ismail Zadi Ismail Asmar da. Horren arabera, Al Quds Brigadetako kidea zen eta "armen kontrabandoan ari zen, Sinain ekintza terroristak bultzatzeko".
"Duela gutxi, Sinain, Israelen eta Egiptoren arteko mugan, eraso terroristak egiten saiatu ziren terrorista batzuekin aritu zen Ismail Asmar, Gazako Zerrendan", gaineratu du Israelgo Armadak.
Ibilgailu baten kontra hegazkinez egindako erasoa Zerrendaren hegoaldean egin dute, Rafa hirian, eta miliziako kide hori hiltzeaz gain, palestinar bat zauritu dute, ospitaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Zauritu bat Egipton, Gazatik jaurtitako kohete bategatik
Emakume bat larri zauritu da Rafan (Egipto) Gazako Zerrendatik jaurtitako zkohete batengatik, asteazken honetan, MENA Egiptoko albisteen agentziak jakitera eman duenez.
Gazatik jaurtitako kohete bat bizileku batean erori da lehen aldiz, basamortuan erori beharrean, eta horrek "egonezina sortu du Egiptoko segurtasun indarren artean", Egiptoko albiste agentzia baten arabera.
Eilateko erasotzaileetako hiru egiptoarrak ziren
Eilat (Israel) hiritik gertu izandako atentatuetan (zortzi israeldar eta erasotzaileetako zazpi hil ziren) parte hartu zuten erasotzaileetatik hiru egiptoarrak ziren. Horietako bat talde erradikal bateko kidea zen eta horregatik epaitu zuten alboko herrialdean. Egiptoko matxinadak eman zirenean lortu zuen kartzelatik irtetea.