Mundua -

Gerra zibila Libian

Libian bahitutako lau kazetari italiarrak aske utzi dituzte

NATO matxinoekin elkarlanean ari da Gadafi aurkitzeko. Libiako Transizio Kontseilu Nazionaleko presidenteak 1,3 milioi euroko ordain saria eskaini zuen atzo atzematea lortzen zuenarentzat.

Libiako matxinoek Gadafiren etxebizitzari eraso egin diote. Argazkia: EITB
Libiako matxinoek Gadafiren etxebizitzari eraso egin diote. Argazkia: EITB
Matxinoek Gadafi harrapatu nahi dute

01:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean bahitu zituzten lau kazetari italiarrak aske utzi dituzte Tripolin, "Corriere della Sera" eta "La Stampa" egunkariek diotenez. Bahitutako hiruk bi komunikabide horietan egiten dute lan eta beste batek "Avvenire" aldizkarian.

Domenico Quirico "La Stampa" egunkariko korrespontsala aske utzi bezain pronto egunkariko erredakzioko kideekin harremanetan jarri da. "Ongi nago, baina orain ordubete arte hilik nengoela uste nuen", adierazi die telefonoz.

Domenico Quirico, Elisabetta Rosaspina, Giuseppe Sarcina eta Claudio Monici atzo arratsaldean bahitu zituzten Tripolitik 50 bat kilometrotara. Ferruccio de Bortoli 'Corriere della Sera'ko zuzendariak Rosaspinarekin hitzegin du telefonoz, eta lau italiarrak ongi eta lasai daudela ziurtatu du.

Oraingoz, bi egunkariek argitaratutakoaren arabera bahituta zituzten etxean bi gazte sartu dira eta aske utzi dituzte. "Corriere della Serak" dioenez, eurak zaintzen zegoen gizonezkoak ihes egin du gauean.

NATOk inteligentzia datuak eman dizkie matxinoei

Liam Fox Erresuma Batuko Defentsa ministroaren araber, NATO matxinoei inteligentzia datuak ematen ari da Muamar Gadafi eta bere semeak atzeman ahal izateko. "Gadafi aurkitu dezaten NATO matxinoei eta erregimeneko hainbat kideri ikuskapen eta inteligentzia datuak ematen ari dela aitortu dezaket", esan du Foxek Sky News telebista katean.

'The Daily Telegraph' egunkariak dioenez, Erresuma Batuko indarrak Libian zabalduta daude pertsona horiek bilatzen laguntzeko, baina Foxek ez du horren inguruan adierazpenik egin nahi izan.

NATOk ohar batean adierazi duenez, aliantzako indarrek Sirte eta Tripoli inguruan dauden 11 helburu militarri eraso diete. Sirte Muamar Gadafiren jaioterria da, une honetan matxinoak bertara heltzeko ahaleginetan ari dira larunbatean Tripoli ia mendean hartzea lortu eta gero.

Milioi bat dolar Gadafi atzemateagatik

Gadafik eta bere semeek desagertuta jarraitzen dute, egoera horrekin beldurtuta Libiako Transizio Kontseilu Nazionalak milioi bat dolar eskaini ditu erregimeneko buruzagia atzematen duenarentzat. Halaber, amnistia eskainiko diotela adierazi dute.

Mustafa Abdel Jalil Libiar Transizio Kontseiluko presidenteak esan duenez, Benghaziko enpresari batek eskaini ditu 1,3 milioi dolar diktadorea atzematearen truke.

Bestalde, Saif al Islam, Gadafiren semeetako bat, Tripoli mendebaldean ezkutatuta egon daitekeen susmoa dute errebeldeek.

Borrokak Tripolin

Matxinoek Tripoli hiriko kaleetan Gadafiren aldeko talde txikien kontra jarraitzen dute borrokan eta laister hiriburua erabat kontrolpean hartzea espero dute.

Bab al Aziziya, Gadafiren gotorlekua matxinoen esku dago, baina, Gadafiren aldeko talde bakan batzuk erresistentzia egiten jarraitzen dute eta frankotiratzaileak daude hiriko hainbat gunetan.

Hiriburuan, itsasotik gertu dagoen toki batean, matxinoen 100 bat kamioi daude eta errebeldeak armak prestatzen ari dira, oraindik amore eman ez duten talde horiei kontra egiteko azken erasoa prestatzen.

Hil edo garaipena lortu arte

Muamar Gadafi buruzagi libiarrak hil edo garaipena lortu arte borrokatuko zuela hitz eman zuen atzo herrialde afrikarreko irrati kate batean. Lurraldearen kontrola lortzeko gerra amaierara iristen ari den momentu batean egin ditu adierazpenok Gadafik.

Koronel libiarrak esan zuen Tripoliko jauregitik alde egiteko erabakia "mugimendu taktikoa" izan dela, NATOren bonbardaketen jomuga izan delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Munduko albisteak gaur Bahiketak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Italia Kazetaritza Libia gaur