Mundua -

Monterrey hirian

53 pertsona hil dira Mexikoko kasino batean izandako eraso batean

24 ordu lehenago, beste kasino batek granada batekin erasoa jasan zuen Saltillo hirian, Coahuila estatuan.

Monterrey hiriko Royal Kasinoa, Mexikon (Argazkia: EFE)
Monterrey hiriko Royal Kasinoa, Mexikon (Argazkia: EFE)
53 hildako, Mexikoko kasino batean izandako eraso batean

00:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 53 pertsona hil dira Monterrey hiriko (Mexiko) Royal Kasino barruan, ustezko sikario batzuk granada bat bota zutenean eta erre egin zenean. Rodrigo Medinak, Nuevo Leon estatuko gobernadoreak, esan duen arabera, hildakoen kopurua hazi daiteke, gertakaria jazo den lekuan beste 15 edo 20 gorpu zeudelako; eta horregatik jarraitzen dute salbamendu lanak.

Erasoaren inguruko hainbat bertsio daude. Testigu batzuek diotenez, sikario batzuek granadak eta tiroak bota zituzten. Bestalde, Nuevo Leon estatuko gobernadoreak esan duenez, erasotzaileak "likido sukoi bat" bota zuten kasinoan, gasolina izan liteke.

Jorge Camacho Rinconek, Nuevo Leon estatuan Babes Zibileko zuzendariak, azaldu duen arabera, erasotzaileek tiroak bota zituztenean, jendea komunetara joan zen babesa hartzera, baina ez zekiten sikarioek kasinoari su eman behar ziotela. Pertsona asko intoxikatzea eta hiltzea eragin zuen horrek.

Suhiltzaileak eta sorosleak makina hondeatzaile batekin hormak hautsi behar izan zituzten harrapatuta zeuden pertsonak salbatzeko eta gorpuak ateratzeko.

Erasoa beste kasino batean

24 ordu lehenago, beste kasino batek granada batekin erasoa jasan zuen Saltillo hirian, Coahuila estatuan. Kasinoa Royal taldekoa da; Monterrey, Mazatlan, Los Cabos eta Escobedo hiritan ditu eraikinak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea