Mundua -
Lufthansa
Alemaniak Lufthansa konpainia erreskatatuko du 9.000 milioi euroko diru-laguntzarekin
Estatua hegazkin konpainiako akzioduna izango da eta % 20ko parte-hartzea izango du.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Alemaniako estatuak 9.000 milioi eurorainoko diru-laguntzak emango dizkio Lufthansa hegazkin-konpainiari, hainbat neurri eta kredituren bitartez.
Halaber, estatuak konpainiako akzioak erosiko ditu, kapital handitze baten bidez, eta % 20 ko parte-hartzea izango du.
Koronabirusaren pandemia dela eta, arazoak dituzten enpresei laguntzeko diru-funtsa onartu du Alemaniako Gobernuak. Ekonomia Ministerioaren arabera, izurritea baino lehen Lufthansa errentagarria zen eta aurreikuspen ekonomiko onak zituen, "baina krisi honek behera bota du".
Horrela, bada, Alemaniako Banku estatalak 3.000 milioi eurorekin finantzatuko du hegazkin-konpainia, eta banku pribatuek beste 600 milioi euro jarriko dituzte.
Estatuak, berriz, konpainiaren zati bat bereganatuko du. Alde batetik, boto eskubiderik gabeko parte-hartzea izango du, 4.700 milioi euro jarrita.
Bestalde, kapital handitze bat egingo dute eta estatuak akzioen % 20 eskuratuko du, 300 milioi euroko balioarekin. Kasu honetan boto eskubide mugatu izango du.
Horrez gain, boto eskubiderik gabeko bigarren parte-hartze bat ere bereganatuko du beste 1.000 milioi euro jarrita.
Alemaniako Gobernuak bi ordezkari izango ditu Lufthansako ikuskaritza kontseiluan.
Laguntza publiko horien truke, konpainiak hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, hegazkinak berritzea eta zuzendaritzako kideek soldatak mugatzea.
Aipatu neurriak Lufthansak eta Europako Batzordeak onartu beharko dituzte.