Mundua -
Koronabirusa
Italiak azken hilabeteotako kutsadura berrietako kopururik txikiena markatu du
Astelehen honetan, 92 lagun hil dira herrialdean, eta 300 kasu berri atzeman dituzte. 34 heriotza eta kutsaduren ia erdia, 148, Lombardian izan dira;
Agentziak | Erredakzioa
92 lagun hil dira astelehen honetan Italian COVID-19agatik, eta 300 kutsadura berri atzeman dituzte. Kasu berrietako kopurua azken hilabeteotako txikiena da, larrialdiko lehen egunetatik, alegia. 34 heriotza eta kutsaduren ia erdia, 148, Lombardian izan dira; Italian, pandemiak eskualde horretan astindu du beste inon baino gehiago.
Guztira, birusa otsailaren 21ean detektatu zutenetik, 230.158 kasu izan dira herrialdean. 141.981 herritar sendatu egin dira, eta 32.877 zendu.
Azken egunean, 92 heriotza izan dira; igandeko datua ia bikoiztu egin dute, egun horretan 50 herritar hil baitziren, baina Lombardiako datuak falta ziren, jaso gabe zituztelako.
Babes Zibilaren esanetan, egun 8.125 gaixo daude ospitaleratuta, igandean baino 428 gutxiago, eta ZIUn 541 paziente daude, aurreko egunean baino 12 gutxiago.
Bestalde, azken 24 orduotan 1.502 gaixori eman diete alta; beraz, guztira, 141.981 paziente sendatu dira, orain arte, COVID-19a gaindituta.
Polemika, boluntarioen planagatik
Arlo politikoan, Italiako Gobernuak iragarritako plan jakin batek polemika sortu du; hain zuzen ere, Gobernuaren asmoa da 60.000 boluntario hirietan eta udalerrietan hedatzea, herritarrei gogorarazteko urruntze fisikoaren araua bete behar dela, kutsadura berriak saihesteko.
Italian, kezka gero eta handiagoa da; izan ere, hondartzetan, tabernetan, edo plazetan, jende asko ez da betetzen ari arau hori.
Gobernuak zehaztu duenez, boluntario horiek hautatzeko deialdia herritar guztientzakoa izango da, baina langabezian daudenek eta gizarte-laguntzak jasotzen ari direnek lehentasuna izango dute.
Kritika eta erreakzio asko izen direnez, Italiako Gobernuak, RAI kate publikoan, argitu du "hiri-laguntzaile" horiek astean boluntariotzako 16 ordu egingo dituztela: "Bakoitzak horixe oparitu ahal dio bere Udalari, adinekoei laguntzeko, erosketak edo sendagaiak eramateko, edo gizarte-urruntzea antolatzen laguntzeko".
Iturriek nabarmendu dutenez, ez da "zaintza" bat izango, eta boluntarioak ez dira izango "zentinelak". Ezingo dute dokumenturik eskatu; soilik izango dute ahalmena segurtasun-indarrengana jotzeko, urruntze- eta bilera-arauak betetzen ez badira.
Planak haserrea sortu du, Gobernuan bertan ere. Barne Ministerioko iturriek esan dute ez dietela kontsultarik egin, eta argi utzi dute, nolanahi ere, boluntarioak egoteak ez duela ekarriko "behar osagarririk", segurtasun-indarretako kideentzat.