Mundua -
Krisia lurrikararen ostean
Yoshihiko Noda Finantza ministroa izango da Japoniako lehen ministroa
Asteartean hartuko du kargu berria. Naoto Kan lehen ministroak ostiralean dimititu zuen, martxoko lurrikararen ostean egindako kudeaketagatik kritika ugari jaso eta gero.
Erredakzioa
Yoshihiko Noda Finantza ministroa izendatu dute Japoniako Alderdi Demokratako (agintean dagoen alderdia) presidente, eta, beraz, herrialdeko hurrengo lehen ministroa izango da, Naoto Kanek dimititu eta gero.
Agintaria Banri Kaieda Industria ministroari gailendu zaio alderdi barruko hauteskundeen bigarren itzulian. Hain zuzen ere, alderdiko 400 ordezkarietako 215en babesa jaso du, eta Kaiedak, berriz, 177rena, faborito bazen ere.
Lehen itzulian, Nodak eta Kaiedak Seiji Maehara Atzerri ministro ohia, Michihiko Kano Nekazaritza ministroa eta Sumio Mabuchi Garraio ministro ohia menperatu zituzten.
Naoto Kan lehen ministroak ostiralean dimititu zuen, martxoko lurrikararen ostean egindako kudeaketagatik kritika ugari jaso eta gero.
Yoshihiko Nodak astearte honetan bertan hartuko du lehen ministro kargua. Egun horretan, Naoto Kanek Gobernua desegingo du.
Horrela, Noda azken bost urteotako seigarren lehen ministroa izango da, Japoniako ezegonkortasun politikoaren erakusle. Aldez aurretik, Shinzo Abe (2006-2007), Yasuo Fukuda (2007-2008), Taro Aso (2008-2009), Yukio Hatoyama (2009-2010)eta Naoto Kan (2010-2011) izan dira karguan.