Mundua -
Duma Behe Ganbera berritzeko
Errusiak Parlamenturako hauteskundeak ospatuko ditu abenduan
Hauteskundeetarako deialdia egin ostean, Behe Ganberako 450 aulkien jabe berriak hautatzeko hauteskunde kanpainiari eman diote hasiera. Medvedev presidenteak, "erasorik gabeko kanpaina" eskatu du.
Erredakzioa
Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak Duma Parlamentuko Behe Ganberarako hauteskundeen data zehaztu du astelehen honetan. Ateratako dekretuaren arabera, abenduaren 4an ospatuko dituzte hauteskundeak.
Sochi kostaldeko hirian Errusiako alderdi politikoen buruzagiekin bildu da Medvedev. Errusiako presidenteak ezarritako dekretuak hasiera eman dio Parlamentuko 450 aulkien jabeak berritzeko hauteskunde kanpainiari.
"Gustatuko litzaidake Dumaren osaketak herritar gehienen asmoa erakustea", adierazi du Medvedevek. Vladimir Putin lehen ministroaren Errusia Batua alderdiak Parlamentuko aulkien bi heren ditu.
Bestalde, Medvedevek errusiarrei hauteskundeetan erasorik ez egiteko aholkatu die. "Batek irabazten eta galtzen zintzotasunez ikasi behar du" eta nola edo hala "botazioen aurretik gorrotozko adierazpenak saihestu behar" direla.
Hala ere, hauteskunde hauek ez dute presidentetzarako hauteskundeak (datorren urteko martxoan izango dira) bezain besteko interesa piztu, Medvedevek eta Putinek (haren aurrekoak), aditzera eman dutenez, presidentetzarako hautagai izatera aurkeztuko lirateke, nahiz eta horietako inork ofizialki ezer ez esan zentzu horretan.