Mundua -
Sare sozialak
Sare sozialen pribilegioak murriztea helburu duen dekretu bat sinatu du Trumpek
Twitter, Facebook, YouTube eta Google konpainiak euren plataformetan argitaratutako edukiak moderatzen saiatzen badira, AEBko Gobernuak zigor ditzakeen aztertu nahi du Trumpek.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak Twitterren kontrako jarrera areagotu du azken orduetan, eta sare sozialek dituzten hainbat babes atzera botatzerik ba ote den aztertzeko eskatu dio bere gobernuari dekretu bidez. Dena dela, erreforma hori aurrera egitea zaila izango dela onartu du Trumpek, Kongresuak esku hartzen ez badu behintzat.
Zehazki, Twitter, Facebook, YouTube eta Google konpainiak euren plataformetan argitaratutako edukiak moderatzen saiatzen badira, AEBko Gobernuak enpresa horiek zigor ditzakeen aztertu nahi du Trumpek; izan ere, bere iritziz, sare sozial horiek ez dira neutralak eta horrek arriskuan jartzen du adierazpen askatasuna Interneten.
Alabaina, badirudi ostegun honetan sinatutako dekretuak ez duela berehalako eraginik izango, ezta irismen handirik ere. Oro har, beraz, Twitterrekin duen lehian bere boto-emaileei keinu bat egin nahi diela dirudi, asteartean presidenteak plataforma horretan idatzitako mezu bat gezurtatu ondoren konpainia horrek, lehen aldiz egiaztapen bat eginez.
"Erabaki editorialak hartu ditu Twitterrek. Une horretan, plataforma publiko neutrala izateari utzi dio, eta ikuspuntu bat duen editore bihurtu da. Eta uste dut gauza bera esan dezakegula beste sare sozial batzuei buruz, Googleri edo Facebooki buruz, esaterako, eta baita beste batzuei buruz ere, agian", esan die Trumpek kazetariei dekretua sinatu aurretik.
Trumpen iritziz, Twitterrek eta beste konpainia batzuek plataforma horietan argitaratzen diren edukiak "zentsuratzeko, mugatzeko edo editatzeko botere handia" dutela erakutsi dute, eta, horregatik, Komunikazio Batzorde Federalari (FCC) horren inguruko arauak erreformatzea proposatzeko 60 egun eman dizkio Merkataritza Departamentuari.
AEBko presidenteak ia bi urte daramatza Googleri "kontserbadoreen ahotsak ezabatzea eta informazioa ezkutatzea" leporatzen, eta Twitterren kontra ere egin du, baina, aldi berean, sare sozial hori Gobernuaren tresna erabakigarri bihurtu du, eta kazetarien galderei erantzuteko beharra izan gabe komunikatzeko aukera ematen diola erakutsi du.
Era berean, plataforma digitaletan publizitatean egiten duten gastua berrikusteko eskatu die Trumpek Gobernuko departamentu guztiei, "adierazpen askatasuna mugatzen duten sare sozialei" mesederik egiten ez dietela ziurtatzeko, presidentearen hitzetan.