Itxi

2020/05/30

09:55

Mundua

KORONABIRUSA

Osasunerako Mundu Erakundearekiko harremana eten du Trumpek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

AEBetan koronabirusak 102.000 heriotza baino gehiago eragin dituela jakin den egunean egin du iragarpena. Bestalde, Hong Kongekin zuten harreman berezia aldatuko du, muga berriak ezarriz.

  • Donald Trump, ostiral honetan.

    Donald Trump, ostiral honetan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Donald Trump AEBetako presidenteak Osasunerako Mundu Erakundearekiko "haustura" iragarri zuen atzo, eta bere Gobernuari Hong Kongi eman izan zaion lehentasuneko tratua gutxienekora murrizteko eskatu zion.

Txinak Hong Kongeko segurtasun nazionaleko lege-proposamena onartu ondoren AEBek izango zuten erreakzioa jakinarazteko deitu zituen komunikabideak Etxe Zurira, eta han, ezustean, COVID-19aren pandemia pil-pilean den honetan, bere Gobernuak OMErekin duen harremana eten duela iragarri zuen.

"Osasunaren Mundu Erakundearekiko dugun harremana hautsi dugu gaur eta diru hori osasun publikoaren beste behar urgente batzuetara bideratuko dugu" iragarri zuen. Ondoren, ez zuen galderarik onartu.

Duela hilabete eta erdi, AEBek OMEri ematen dioten finantzaketa behin-behinean etetea erabaki zuen Trumpek eta duela 10 egun, erakundea uzteko mehatxua egin zuen.

Trumpek, izan ere, Txinaren alde jokatzea leporatzen dio OMEri eta koronabirusaren pandemia gaizki kudeatu izana ere bai. Maiatzaren 18an 30 eguneko epea eman zion berak eskatutako erreforma batzuk gauzatzeko -ez zuen zehaztu zeintzuk- eta bestela, finantzaketa kenduko ziola ohartarazi zuen.

Epea amaitu aurretik, baina, hartu du jada erabakia Trumpek. Esan duenez, Osasunerako Mundu Erakundeak uko egin diolako erreforma horiek egiteari.

AEBk OMEren aurrekontuaren %15 jartzen zuen orain arte. Dena dela, ez da ziurra finantzaketa guztia kendu ahal izango ote dion. Izan ere, dirulaguntzaren heren bat ezin da aldatu, Kongresuaren oniritzirik gabe, The Washington Posten arabera.

Trumpek bere gogoaren arabera kendu diezaiokeen diru zatia azken urteetan polioa, malaria, tuberkulosia, hiesa eta txertoa baduten hainbat gaitz desagerrarazteko kanpainetan erabili izan da.

Iragarpena egin duen egunean, 1.745.606 koronabirus kasu baieztatu dituzte AEBetan eta COVID-19ak 102.798 hildako eragin ditu.

"Mundua Txinaren erruz ari da sufritzen"

Txinari leporatu zion Trumpek berriz ere "pandemia bultzatzea"; bere iritziz, "Wuhaneko birusa estali" egin zuelako eta horrela, munduan zehar zabaltzea ahalbidetu zuelako: "Mundua Txinaren erruz ari da sufritzen" gaineratu zuen.

Hong Kongerako segurtasun nazionaleko lege-proposamena ere gogor kritikatu zuen Trumpek. Hiri semiautonomo horretan Txinako Gobernuaren kontrako ekintza oro debekatzen du legeak. "Herri bat, bi sistema" leloa "Herri bat, sistema bat" leloagatik ordezkatu duela Txinak adierazi du Trumpek eta hala izanda, orain arte Hong Kongek Txinarekin alderatuta, AEBetan izan dituen onurak murriztea erabaki du (1992ko lege baten arabera, AEBek Hong Kongekin Britainia Handiaren kolonia zenean bezalako harremana izan behar zuten).

Hala ere, oraingoz, neurri bakarra iragarri du: "Txinaren ikuspegi militar-zibila babesten duten herritar txinatar batzuei ikasle bisatuak bertan behera utziko zaizkie".

"Zilegi diren arrazoiengatik" bidaiatzen duten ikasleei ez omen die eragingo. AEBek jasotzen dituzten ikasle atzerritarren ia herena txinatarrak dira (360.000).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;