Mundua -

Koronabirusa

Kutsatuak bilatzeko StopCOVID aplikazioak eztabaida etikoa piztu du Frantzian

Bere erabilera borondatezkoa bada ere, Frantziako gizartearen hainbat alorrek zalantzan jarri dituzte aplikazio horren segurtasuna eta eraginkortasuna.

Frantziako Gobernuak sortu duen StopCOVID aplikazioaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Frantziako Gobernuak sortu duen StopCOVID aplikazioaren irudietako bat
Frantziako Gobernuak sortu duen StopCOVID aplikazioaren irudietako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren epidemia kontrolatzen laguntzeko Frantziako Gobernuak sortu duen StopCOVID aplikazio digitalak susmo guztiak zabaldu ditu herrialdean, eskubide zibilen alde borrokan diharduten taldeen artean bereziki. Horien aburuz, norbanakoaren askatasunen aurkako arriskua dakar aplikazio horrek.

Aplikazio horren erabilera borondatezkoa izango da. Koronabirusan positibo emanez gero, metro bat baino gutxiagoko distantzian eta gutxienez 15 minutuz egondako erabiltzaileei abisua emango die Bluetoothen bidez, azken horiei ere proba egin diezaieten kutsatzeak gelditzeko asmoz.

Datorren asteartean egongo da prest StopCOVID aplikazioa, Frantziako deseskalatzearen fase berriaren lehenengo egunarekin bat eginda. Aplikazio horrek Frantziako Parlamentuaren eta Informatika eta Askatasunen Batzorde Nazionalaren oniritzia jaso du baina, apirilaren 8az geroztik (aplikazioa aurkeztu zuten eguna), kezka zabaldu da.

Frantziako Gobernuak dioenez, ezinezkoa izango da erabiltzailearen identitatea edo non egon den jakitea, erabilera borondatezkoa eta murriztua izango baita. Koronabirusaren pandemiak gutxienez 28.700 hildako eragin ditu Frantzian.

Adituek diotenez, aplikazioa benetan eraginkorra izateko, herritarren % 60k erabili beharko luke, baina beste herrialdeetan, esaterako Singapurren edo Hego Korean, izandako eskarmentuen arabera, herritarren % 30k bakarrik erabili zuen.

Bluetootharen erabileragatik ere jomugan jarri dute aplikazioa. Benjamin Nguyen Orleanseko Unibertsitateko Oinarrizko Informatika Laborategiko nagusiaren hitzetan, "kalibraketa da gakoa, distantzia kalkulatzeko potentzia telefonoaren markaren eta ereduaren araberakoa baita".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Aplikazioak Koronabirusa Deseskalatzea Frantziako Gobernua