Mundua -

Polizia indarkeria

Floyden heriotzak AEBetako eredu poliziala aldatzera behartuko ditu agintariak

Demokratek dagoeneko aurkeztu dute polizien taktikak aldatzeko lege bat, eta Trump aurka agertu bada ere, ez du baztertzen neurriak bilatzea indar polizialen adeitasuna hobetzeko.

Poliziaren indarkeriaren aurkako protesta, New Yorken. Argazkia: Efe
Poliziaren indarkeriaren aurkako protesta, New Yorken. Argazkia: Efe
Poliziaren indarkeriaren aurkako protesta, New Yorken. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak George Floyd hil izanak eta ondoren etorri diren protestek, AEB osotik mundu zabalera iritsi direnak, polizia estatubatuarraren eredu aldaketa ekar lezaketela dirudi. Donald Trump presidentearen diskurtsoa segurtasun indarrak eta “legea eta ordena” babestea izan badira ere, baliteke AEBetako eredu poliziala aldatzear egotea, sektore ahulenen mesedetan, tartean beltzak eta egoera ekonomiko makurrenean daudenak.

AEBetako oposizioan dauden demokratek asmo handiko legea aurkeztu zuten atzo Poliziaren taktikak aldatzeko.

Kongresuko Caucus Beltza osatzen duten kongresista afroamerikarrek sustatutako legeak herritarren sumindurari, eta azkenaldiko arrazakeria eta polizia indarkeria kasuei erantzutea du helburu.

“Polizia taktiken justizia Legea” izenpean, atxilotuei lepotik heltzea proposatzen du, besteak beste, legeak, horrek eragin baitzuen Floyden heriotza. Gainera, AEBetako hainbat polizia departamentutan neurri hori galarazten ari dira, baina oraindik ez dago araudirik herrialde osoarentzat.

Lege proiektuak herritarrak bidegabeki zauritzen edo hiltzen dituzten agenteen aurkako demandak ere erraztuko lituzke; izan ere, poliziek "arduragabekeriaz" jokatzen duten kasuak auzipetu daitezkeela ezartzen du.

Era berean, datu base nazional bat sortuko luke, arduragabekeriaz jokatzeagatik kanporatutako poliziak beste herri batzuetako segurtasun departamentuetan arazorik gabe sar ez daitezen.

Trumpen erantzuna

Etxe Zurian egindako adierazpenetan eta hainbat txiotan, Trumpek demokratei leporatu die "Poliziari funtsak kendu nahi izatea eta gure Polizia alde batera uztea", nahiz eta lege proiektuak ez duen jorratzen finantzaketaren gaia.

"Ez diogu dirurik kenduko gure Poliziari. Ez dugu gure Polizia desegingo ", azpimarratu du Trumpek Twitterren.

Hala ere, onartu duenez, "ideia batzuei buruz hitz egingo dugu: nola lor dezakegun hobea izatea eta nola egin dezakegun, ahal bada, modu adeitsuagoan jokatzea".

Neurriak Mineapolis, Los Angeles eta New Yorken

Bestalde, Mineapoliseko Udalak Polizia Departamentua desegingo duela iragarri zuen igande honetan, George Floyd afroamerikarraren heriotza dela eta.

Gainera, New Yorken, legegileek lege bat onartu dute, poliziak atxilotzeko tekniketan herritarrak lepotik heltzea debekatzen duena.

Poliziako kideen aurrekariak argitaratzea debekatzen duen legedia ere ezabatu nahi dute, horrek eragotzi egiten du herritarrek jakitea agente jakin batek indarkeriarekin lotutako aurrekariak dituen ala ez.

Bestalde, Michael Moore Los Angelesko Poliziako buruak eta Eileen Decker Poliziaren Batzordeko presidenteak astelehen honetan adostu dutenez, atxilotuak lepotik heltzeari utziko diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Polizia indarkeriari buruzko albisteak