Mundua -
Olof Palme
Suediako Fiskaltzak hilda dagoen publizista bat jo du Olof Palmeren hiltzailetzat
Stig Engström da Suediako lehen ministro ohiaren hiltzailea, Fiskaltzaren ustez, baina 2000. urtean hil zen, eta, horrenbestez, itxi egin dute kasua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suediako Fiskaltzak Stig Engström jo du Olof Palme lehen ministroaren hiltzailetzat. 1986an hil zuten lekutik gertu lan egiten zuen publizista bat zen.
2000. urtean zendu zen Engströmen aurkako kargurik aurkezteko ezintasunak, hala ere, duela 34 urte hasitako ikerketa ixtea dakar, Krister Petersson fiskalak agerraldi digital batean adierazi duenez. "Ikerketarekin eska zitekeen bezain urrun iritsi garela uste dut", adierazi du.
Petterssonek esan duenez, Engströmek hilketaren gauean zeraman janzkera bat dator ustezko hiltzailea korrika alde egiten ikusi zuten hainbat lekukok deskribatutakoarekin. Engström, ordea, lekuko gisa aurkeztu zen, eta gertatutakoari buruzko adierazpenak egin zituen tokiko hedabideetan.
Alabaina, tiro egiteko klub bateko kide zen, eta hildako lehen ministroarekin kritikoak ziren pertsonekin harremanetan zegoen. Horrek Fiskaltzaren teoria indartzen du, hilketa harekin lotzen duten frogarik topatu ezin izan duten arren.
Hans Melander Poliziaren ikerketaren buruak jakitera eman duenez, Engströmekiko interesa duela hiru urte sortu zen, talde berri batek ikerketa bere gain hartu zuenean.
Palmeren hilketaren ikerketa polemikaz inguratuta egon da gertatutakoa jazo zen gauetik. Urteotan, balizko atentatugile askoren izena eman dute agintariek, Suediako lehen ministroak nazioartean garrantzi handia baitzuen.
Testuinguru horretan, 1989ko uztailean biziarteko zigorra ezarri zioten Christer Petterssoni, baina hilabete batzuk geroago absolbitu egin zuten, froga faltagatik.