Mundua -
ANALISIA
Atzera begira
Historia osatzen duten gertaerek, garai jakin bateko gizartea erakusten digute, orduko pentsaera, morala eta jokamoldea.
JUANJO SAN MIGUEL
Estatu Batuetan George Floyden heriotzak eragindako protesten eta ondoezaren ondorioz, han bertan eta Munduko beste herrialde askotan, arrazakeria, esklabutza, konkista edo zapalkuntzari lotutako ikurrak, irudiak eta izenak ezabatzen hasi dira. Gaur egungo jokaera desegokiek, gehiegikeriek eta eskubide urraketek, iraganari begira jartzen gaituzte, aspaldi gertatutakoaren arrastoa errotik aterako bagenu, egungoa hobetzeko balioko baligu legez.
Historia osatzen duten gertaerek, garai jakin bateko gizartea erakusten digute, orduko pentsaera, morala eta jokamoldea. Ukroniaren bidez, gertatu ez zena gertatu izan balitz, edo haren ordezkoa beste modu batekoa izanez gero, historia hori hobea edo okerragoa izan zitekeela pentsa genezake, baina gertatutakoak ez du atzera bueltarik. Emakumearen egoera edo beltzen bazterkeria-iragana ez dituzte aldatuko gaur egungo aldarrikapenek. Gure esku dagoen bakarra, horrelakoak berriro gerta ez daitezen bideak urratu eta erabakiak hartzea da.
Arte lanak desegitea, liburuak debekatzea edo ustezko gaizkileen irudiak apurtzeak gure barrua lasaitu lezake, baina gertatutakoa ez ezabatzeaz gain, besteak heldugabetzat hartzea da. ‘Haizeak eraman zuena’ filma debekatzeak edo pantailetatik kentzeak ez dio inongo mesederik egiten inongo kausari. Edozein ikusle ohartuko delako esklabutza ez zela horrelakoa izan, konturatuko delako XIX. Mendean Estatu Batuetako emakumek ez zihoazela egun osoan zehar goitik behera makillatuta, edo gizakion harremanak ez direla esnea eta eztiaren arteko nahasketa gozoa.
Iragana nolakoa izan zen jakiteko, eta gaur egun eskuratu ditugun lorpenez jabetzeko, derrigorrezkoa da gustukoak ez direnak, portaera zekenenak, traizio miserableenak ezagutzea, besteak beste guk, eta hori ikasi beharra dutenek, gutxienez jakin dezagun zein den hautatu behar ez dugun aukera. Azken urte hauetan behin baino gehiagotan nagusitu diren zenbait iritzi eta jokaerek, berriz, pertsonak, taldeak, herriak oso osorik kondenatu dituzte infernuko sutara, noizbait okerreko bidea hartu badute. Ahuldade une batean, nahastuta oker jokatu badute, halako batean irristatu eta erori badira akabo. Urte askotako jarduera bikaina belztuko dute epaile orojakileek, epaiketaren biktimak estropezu egin badu ez zegokion harrian.
Zorionez edo zoritxarrez, pertsonon aniztasunak gizaki konplexuagoak egiten gaitu, taldeen jokaerek iritzi asko uztartu ondoren gauzatzen dira, herrien historia guztiak kontraesanez josita daude. Historiaren garai bakoitza ahalegin askoren batuketa izanik, ezin dugu era sinplean aztertu eta gutxiago epaitu. Baina, ahalegin antzua da, gaur egungo mundutik, gaur egungo ideologiatik eta gaur egungo bitartekoez baliatuta iragana epaitzea. Antzua eta ziur aski bidegabea.