Mundua -
Gosete egoera Somalian
1,5 milioi haurrek premiazko laguntza behar dute Somalian
UNICEFek ohartarazi duenez, elikatu gabeko umeen % 75 Somaliako hegoaldean dago. "Zeozer arin egiten ez badugu, baliteke hemendik aste gutxitara ume hauen gahiengoa hiltzea", iragarri du.
Erredakzioa
UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak astearte honetan jakinarazi duenez, Somaliako hegoaldeko 1,5 milioi haurrek premiazko laguntza behar dute. Zonalde honetan 3 milioi lagunek behar dute laguntza. "Zer edo zer arin egiten ez badugu, litekeena da hemendik aste gutxitara ume horietako gehienak hiltzea", iragarri du.
Joan den abuztutik malnutrizio larria duten sei hilabete eta bost urte arteko 450.000 ume zenbatu dituzte. Horietariko 190.000 ume malnutrizioaren maila larrienetan daude eta horrek ume osasuntsu batek hiltzeko dituen aukerak baino bederatzi bider gehiago dituztela esan nahi du.
"Malnutrizioa duten umeen % 75 hegoaldean dago eta zonalde horretako eskualde gehienetan sei umetatik batek malnutrizio larria du", azaldu du Marixie Mercado UNICEFeko bozeramaileak Genevan eskainitako prentsaurrekoan.
Mercadok azpimarratu duenez, malnutriziorik mailarik handiena Bay eskualdean neurtu dute. Bertan, umeen % 58k du malnutrizio larria, Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztutakoa baino lau bider gehiago (% 15).
Urtarrilaren eta uztailaren artean, UNICEFeko elikatzeko programek 63.400 haur artatu dituzte. Horietako 547 (% 1,2) hil egin dira. Malnutrizio handia duten 90.080 ume ere artatu dituzte. Horietako 186 (% 0,7) hil egin dira.