Mundua -
Iruzkina
Segurtasun politiko ezetik, segurtasun ekonomiko ezera
Dorre Bikien kontrako atentatuaren 10. urteurrenaren harira atentatu baten beldur dira, baina estatubatuarren kezka nagusia ez da hori, ekonomia baizik.
Jesus Torquemada
New York alarma egoeran egongo da egunotan. Dorre Bikien kontrako atentatuaren 10. urteurrenaren harira, atentatu baten beldur dira. Normala da, beraz, segurtasun neurriak indartu izana.
Baina New Yorkeko biztanleen eta estatubatuar guztien kezka nagusia ez da segurtasuna, ekonomia baizik. Langabeziak ez du behera egiten eta AEBek munduan duten pisu ekonomikoa eta politikoa duela hamar urte baino txikiagoa da. Obamak duela hiru urte Etxe Zurira iritsi zenean sortu zuen esperantza oldea desagertu egin da.
Presidenteak zerbait egin du egoerak hobera egiteko, gizarte segurantzaren erreforma adibidez, baina AEBetako gizartean desberdintasun handiak daude oraindik. Irailaren 11ko atentatuen ondoren sortu zen batasun nazionala desagertu egin da. Bushen erantzunak, Afganistani eta Iraki eraso eginez, kalte egin zion AEBen irudiari eta barne zatiketa handia eragin zuen.
Obamak plan berri bat du, hirugarrena dagoeneko, ekonomia suspertzen saiatzeko eta batasun nazionalerako deia egin du. Baina alperrik, errepublikanoek ez baitute bakean utziko. Hemendik 14 hilabetera Etxe Zuritik aterako dutela espero dute eta ez diote mesederik egingo.