Mundua -
Siriako istiluak
21 hildako gehiago Siriako istiluetan
Milaka manifestarik erregimenaren bukaera eskatzen jarraitzen dute. Martxoa erdialdean istiluak hasi zirenetik, gutxienez 2.105 zibil eta 542 soldadu hil dira.
Erredakzioa
21 lagun gehiago hil dira Sirian, atzo, larunbata, eta gaur, igandea artean, Bachar al Asaden erregimenaren errepresioagatik.
Tokiko Koordinazio Batzordeak jakinarazi du, gauerdia baino lehen jada 20 hildako zeudela, eta beste lagun bat gehiago hil dela gauerdiaz geroztik.
Aurretik, oposizioko hainbat erakundek atzo 14 hildako izan zirela esan zuten herrialdeko ipar eta erdialdeko istiluetan.
Hildakoen zifra Siriako Giza Eskubideen Behatokiak baieztatu du, eta horien artean Ghiaz Matar aktibista ezaguna omen dago, Daraya herrian, Rif Damascon zendu da.
Rif Damascon atzo oraindik manifestazioek eta protestek jarraitzen zutela azpimarratu dute Batzordeek eta poliziaren sarekadak egon zirela gaineratu dute. Hontaz gain, segurtasun indarrek partehartzaileen aurka tiro egin omen zuten Artouzen.
Bitartean, Homs eta Hama hirietan, milaka herritarrek Asaden erregimenaren bukaera eskatu zuten. Informazio hauek guztiak ezin izan dira libreki egiaztatu, Siriako agintariek kazetariei ezarri dizkieten mugengatik.
Martxoa erdialdean istiluak hasi zirenetik, 2.105 zibil eta 542 soldadu hil dira gutxienez Al Asaden erregimenaren errepresioa dela eta Behatokiaren zenbaketaren arabera.