Mundua -
Gerra Libian
Matxinoek komitea osatuko dute Libiako trantsizioa zuzentzeko
Bestalde, Muamar Gadafiren semea, Saadi, Nigerren dagoela baieztatu du herrialde horretako Gobernuak.
Erredakzioa
Libiako agintari matxinoek komite exekutiboa eratuko dute hurrengo egunetan trantsizioa zuzentzeko, Mahmud Yibril bitarteko lehen ministroaren arabera.
Tripolin emandako prentsaurrekoan, gehienez 10 egun barru gobernu berria sortuko dutela ziurtatu du Yibrilek. Gobernu horretan, gainera, herrialdeko talde guztiak izango dira, oraindik askatu gabeko hirietakoak barne.
Honen harian, bitarteko lehen minitroak azpimarratu egin du trantsizio nazionaleko benetako gobernua ez dutela "Libia osoa askatu arte" osatuko.
Saadi Gadafi, Nigerren
Saadi Gadafi Muamar Gadafiren semeetako bat Nigerreko iparraldean dagoela baieztatu du herrialde horretako Gobernuak.
Iragan ostiralean, Nigerreko agintariek Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin duten konpromisoa berretsi zuten, zenbait informaziok Gadafi eta semeak Nigerrera joan zitezkeela zabaldu ondoren.
Hala ere, Nigerreko Gobernuak Ali Kana eta Ali Sharif al Rifi Gadafiren bi generalak Niger eta Libiaren arteko muga gainditu dutela ere baieztatu dute. Biak "arrazoi humanitarioengaitik" hartu dituztela gaineratu dute.