Mundua -
I-11ren 10. urteurrena
I-11ren ostean sortutako 'nortasun nazionala' goratu du Obamak
AEBetako presidenteak adierazi du ez dutela inoiz gerra egingo "Islamaren edo beste edozein erlijioren aurka".
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak goratu egin du 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean sortutako "nortasun nazionala". "Azken hamar urteek erakutsi dute AEBek ez dutela amore ematen beldurraren aurrean, eta beren herritarrak eta bizimodua defendatzeko prest daudel", gaineratu du, atentatuen 10. urteurreneko omenaldiei amaiera emateko azken ekitaldian, Kennedy zentroan.
Obamak Bibliaren pasarte bat aipatuta hasi du berriz hitzaldia, azken hamarkadan herrialdean izandako aldaketak islatzeko: "Negarrak gau osoa iraun lezake, baina poza goizean etorriko da".
Presidentearen hitzetan, azken 10 urteak "erresistentzia istorio bat" izan dira, herrialdea suspertu egin baita, eta aldi berean atentatuek estatubatuarrengan izandako ondorio positiboak ospatzeko gai izan da.
"Duela 10 urte, AEBek gau ilunetako bat izan zuten (...). Gaur inportantea da aldatu ez dena gogoratzea. Gure nortasun nazionala ez da aldatu. Gure fedea ez da aldatu. AEBetan dugun fedea indartu egin da", adierazi du.
Obamak Irakeko eta Afganistaneko gerrak ere aipatu ditu, eta gogora ekarri du "bi milioi estatubatuarrek" hartu dutela parte, "AEBei kalte egiten dietenak justiziatik ezin direla ezkutatu" erakusteko.
Halaber, George W. Bush presidenteak gerra horien hasieran esandakoa nabarmendu du: "AEBek ez dute inoiz gerra egingo Islamaren edo beste edozein erlijioren aurka. Etorkinak mundu osotik datoz eta bandera bakarrari leialak dira".
Hitzaldi horrekin, Obamak amaiera eman die I-11ko 10. urteurrenen omenaldiei.