Mundua -
Iruzkina
Pazientziarik ez Egipton
Egoerak ez duela aurrera egin ikusten dute, hauteskundeak ez direla iristen, larrialdi egoerak indarrean jarraitzen duela eta oraindik lehengo berberek agintzen dutela.
Jesus Torquemada
Egipton egunotan gertatzen ari denak agerian uzten du otsaileko iraultzan parte hartu zutenak pazientzia galtzen ari direla. Egoerak ez duela aurrera egin ikusten dute, hauteskundeak ez direla iristen, larrialdi egoerak indarrean jarraitzen duela eta oraindik lehengo berberek agintzen dutela: Mubarak presidente ohiari azken unera arte babesa eman ziotenek.
Mubaraken epaiketa da hain zuzen ere haserrearen beste arrazoietako bat. Epaiketan deklaratu zuten poliziaburuek esan dute ez zutela Mubaraken agindurik jaso jendearen kontra tiro egiteko, Mubarak erori eta hurrengo egunetan esaten zutenaren kontrakoa.
Iraultza burutu zuten egiptoarrak beldur dira Mubarak bera eta buruzagi militarrak absolbitzeko plan bat egon daitekeelako. Jendearen frustrazioak eztanda egin du Israelen kontra. Egiptoko Gobernuak Israelekin gogorrago jokatzea nahi dute, duela hiru aste mugan izan ziren istiluetan militar egiptoarrak hil zituztelako eta Israelek Palestinaren kontra egiten duen errepresioagatik. Israelek Kairon duen enbaxadari eraso egin ziotenek Egipto eta Israelek 1979an sinatu zuten bake ituna bertan behera geratzea eskatzen dute.
Testuinguru horretan, iraultzaileek babes handia jaso dezakete gaur Erdogan lehen ministro turkiarraren bisita dela eta, herrialde arabiarretan fama handia hartzen ari baita. Erdoganek "Udaberri arabiarra" deitutakoan parte hartu dutenei babes zabala emango diela espero da.