Mundua -
Tren istripua
Bederatzi hildako eta ehun zauritu Buenos Aireseko tren istripu batean
Tren batek autobus bat aurretik eraman duenean gertatu da istripua. Trenak, gainera, autobusa txikitzeaz gain, errailetik atera eta geltokian geldirik zegoen beste tren baten aurka talka egin du.
Erredakzioa
Bederatzi lagun hil dira gaur, asteartea, eta ehundik gora zauritu dira tren batek autobus bat aurretik eraman duenean, Buenos Aireseko, Flores auzoko geltokiko trenbide-pasagune batean. Zauritutakoen artean gainera, sei oso larri daude eta ospitalera eraman dituzte. Suhiltzaileak bitartean, bertan atera ezinik gelditu den lagun bat gutxienez ateratzen saiatzen ari dira.
Tren istripua goizeko lehen orduan gertatu da, tren bat Flores geltokira sartzen ari zenean, Argentinako hiriburuko erdialdean, eta autobus bat aurretik eraman duenean. Autobusa jendez gainezka zegoen, eta dirudienez, ez ditu hesiak aintzat hartu.
Trenak, autobusa txikitzeaz gain, errailetik atera eta geltokian geldirik zegoen beste tren baten aurka talka egin du.
Garraiao publikoa gehien erabiltzen den orduan gertatu da istripua eta tren zerbitzua bertan behera gelditu da milaka lagun zerbitzurik gabe utziz.