Mundua -
Eraso talibana
NATOko egoitzaren eta AEBetako enbaxadaren kontrako erasoa, Kabulen
Zortzi talibanek osatutako talde batek kaosa eragin du Afganistango hiriburuan eta zazpi lagun hil eta 17 zauritu dituzte Poliziak hil aurretik.
Erredakzioa
Zortzi talibanek osatutako talde batek izua zabaldu du Kabulen egindako erasoekin, AEBen enbaxadaren eta NATOren egoitzaren kontrakoak besteak beste. Zazpi lagun hil dituzte eta eguerditik gauera arte iraun du erasoak.
Erasoa eguerdia aldera hasi da. Eraikitzen ari diren etxe batera igo dira talibanak eta handik egin diete tiro enbaxadari eta inguruan dauden beste eraikin ofizial batzuei.
Zazpi lagun, hiru zibil eta lau polizia, hil dituzte eta 17 zaurituta geratu dira zortzi talibanen erasoaren ondorioz, Mohammad Zahir Kabuleko krimenen ikerketarako brigadaren buruzagiak jakitera eman duenez.
Afganistango Poliziak tiroz hil ditu eraikinera igota zeuden lau talibanak eta Kabuleko beste puntu batzuetan erasoarekin bat egin duten beste lau integrista.
"Gure mujahidinek NATOren egoitzari, AEBen enbaxadari, Afganistango espioitza departamentuari eta Kabul erdiguneko beste eraikin ofizial batzuei egin diete eraso", adierazi du Zabiula Muyahid talibanen bozeramaileak. Azaldu duenez, erasotzaileek lehergailuak, metrailetak eta eskuko bonba jaurtigailuak zituzten.
Talibanen eraso koordinatuak geldiarazi egin du Kabul. Izan ere, herritarren artean izua zabaldu da leherketak eta tiro hotsak entzun dituztenean eta hiri gainetik helikopteroak pasatzen zirela ikusita.