Mundua -

KORONABIRUSA ESTATU BATUETAN

Estatu Batuetan covid-19ak 135.000 heriotza eragin eta 3,29 milioi lagun kutsatu ditu

Etxe Zuriak hildakoen kopurua 100.000 eta 240.000 artekoa izatea espero zuen. Washingtongo Unibertsitatearen arabera, aurtengo urrian 185.000 izango dira koronabirusagatik hildako pertsonak.

Donald Trumpek lehenengo aldiz jantzi du maskara. Irudia. EFE.
Donald Trumpek lehenengo aldiz jantzi du maskara. Irudia. EFE.
Donald Trumpek lehenengo aldiz jantzi du maskara. Irudia. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Johns Hopkins Unibertsitateak egindako ikerketa independente batek 3.297.501 koronabirus kasu eta 135.155 hildako zenbatu ditu. Larunbatetik igandera 57.794 positibo gehiago atzeman dira eta 426 heriotza berri erregistratu dituzte.

Azken astean Estatu Batuetan gaixotasunak 60.000 pertsona kutsatu ditu egunero, eta denbora tarte berean positibo kopuruak gora egin du herrialdeko 37 estatutan.

Gaixoen kopuruak %20 egin du gora 13 estatutan (Alabama, Alaska, Arkansas, Georgia, Hawaii, Idaho, Louisiana, Montana, Nevada, Oklahoma, Hego Carolina, Tennessee eta Virginia), eta %10 egin du gora beste 22 estatutan.

Momentuz, New York da pandemiak gogorren jo duen estatua, 406.403 positibo atzeman dituzte bertan, eta 32.029 pertsona hil direla uste da. Zifra horiek Brasilek, Erresuma Batuak, Italiak eta Mexikok bakarrik gainditzen dituzte.

Gertutik jarraitzen die, ordea, New Jerseyk 15.525 hildakorekin, Massachusettsek 8.310 heriotzarekin eta Illinoisek 7.372 hildakorekin.

Heriotza asko erregistratu dituzten beste estatu batzuk Kalifornia (7.014), Pennsylvania (6.950), Michigan (6.316) eta Connecticut (4.348) dira.

Kutsatutako pertsonei dagokienez, New Yorken atzetik kokatzen da 320.957 kasurekin, Florida hirugarren postuan, 269.803 positiborekin, eta Texas laugarrenean, 269.803 gaixorekin.

Etxe Zuriak pandemia hasieran, kasurik onenean, hildakoen kopurua 100.000 eta 240.000 artekoa izatea espero bazuen ere, Johns Hopkins Unibertsitatearen behin behineko hildako balantzearen arabera, heriotza errealak aurreikuspenak gainditu ditu.

Bere aldetik, Washingtongo Unibertsitateko Osasun Metrika eta Ebaluazioen Institutuak (IHME) egindako estimazioen arabera, urrian Estatu Batuetan covid-19aren ondorioz hildako pertsonen kopurua 185.000 ingurukoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Gaixotasunak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak Koronabirusa