Mundua -
Krisi politikoa
Akordio historikoa Belgikan, urte eta erdiz Gobernu barik izan ostean
Negoziazioetan parte hartu duten zortzi alderdiek kontu polemikoenari buruzko akordioa lortu dute, hots, Brusela-Halle-Vilvoorde (BHV) barrutiari buruzkoa.
Erredakzioa
Negoziazioetan parte hartu duten zortzi alderdi politiko belgikarrek akordio historikoa lortu dute bart krisi politikoa desblokeatzeko. Urte eta erdi daramate herrialde horretan Gobernu barik.
Hain zuzen ere, flandestarrak eta frankofonoak gehien zatitzen zituen eta iazko apirilean krisia eragin zuen kontuari buruzko akordioa lortu dute, hots, Brusela-Halle-Vilvoorde (BHV) barrutiari buruzkoa.
Gobernua osatzeko ardura duen agintaria, Elio Di Rupo buruzagi sozialista frankofonoa, Laeken jauregira joan zen akordioa lortu eta gero, Alberto II.a erregea informatzeko.
Hori horrela, egoera goitik behera aldatu da ordu gutxitan. Izan ere, asteazken goizean, negoziazioak are gehiago blokeatu ziren, Yves Leterme jarduneko lehen ministroak politika utzi zuen eta erregeak oporretatik itzuli behar izan zuen.
Di Rupok ere dimisioa aurkeztu zuen zurrumurruak izan ziren, baina azken negoziazio bat deitu zuen, eta horretan lortu dute akordioa.
Gaur, 14:00etan, baina, negoziatzen jarraituko dute. Zailena eginda dago, baina orain beste kontu batzuk hitzartzen saiatuko dira.