Mundua -

Espazio-zunda

Txinak arrakastaz jaurti du Martera bere lehen zunda

Zunda 2021eko otsailean iristea planeta gorrira espero dute, "sei eta zazpi hilabete arteko" bidaia egin ostean.

Marte. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Marte
Marte. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinak Martera eraman nahi duen lehen zunda espaziora bidali du gaur, planeta gorria orbitatzeko eta, ondoren, bertan lurreratzeko eta haren azalera esploratzeko, CGTN Txinako estatuko telebistak zabaldutako irudien arabera.

Jaurtiketa 12:41ean izan da (04:41 GMT) 'Martxa Luzea 5-Y4' suzirian, Wenchangeko espazio-zentrotik, Txinako Hainan probintzian, herrialdearen hegoaldean.

CGTN katearen arabera, zunda 2021eko otsailean iristea planeta gorrira espero dute, "sei eta zazpi hilabete arteko" bidaia egin ostean.

Txinak Martera egiten duen lehen esplorazio misioak, Tianwen-1 izenekoak, planetaren azalera orbitatu, lurreratu eta esploratzea du helburu, eta planeta gorriari buruzko esplorazio zientifikoko datuak lortzea.

Arrakasta izanez gero, lehen saiakeran Marten orbitatu duen lehen misioa izango litzateke.

Iaz, Txina zundaren jaitsiera eta lurreratzea prestatzeko esperimentuak egiten hasi zen, eta misio horren arrakasta "aurrekaririk gabeko lorpena" izango litzateke, Txinako Espazioaren Administrazio Nazionalak orduan esan zuenez.

Txinako Gizarte Zientzien Akademiako Bao Ming adituak adierazi zuenez, misioak izango duen erronka handiena lurreratzea izango da, eta guztira zazpi eta zortzi minutu arteko lau etapa izango ditu.

Jaurtiketa espazioko lasterketan aurrera egiteko herrialdearen planen parte da, eta 2019ko urtarrilean ilargiaren aurpegi ezkutuan lurreratzea lortu zuen lehen herrialdea bihurtu ondoren dator.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Txina Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Marte albisteak Planetei buruzko albisteak gaur