Mundua -
M-15 mugimendua New Yorken
'Wall Street hartu' lelopean ehunka lagun bildu dira New Yorken
Wall Street hartu nahi dute hilabete batzuez protestariek. "Udaberri arabiarraren" taktika erabili nahi dugu AEBetan demokrazia berriro ezartzeko", antolatzaileen ohar baten arabera.
Erredakzioa
New Yorkeko finantza barrutian, Bowling Green parkean ehunka lagun bildu dira Burtsa ondoan. Antolatzaileen esanetan, gaur, igandea, "Wall Street hartu" lelopean "egoerari aurre egitea" da asmoa.
"% 1aren gutizia eta ustelkeria gaitzesten dugun beste % 99a gara, hori dugu denok amankomunean", dio "Wall Street hartu" web orriak (ingelesez, Occupy Wall Street).
"Datorren irailaren 17an, 20.000 lagun ikusi nahi ditugu hilabete batzuetarako Wall Street hartzeko euren oheekin, sukaldeekin eta barrikada baketsuekin Manhattaneko behe alderantz joaten" dio ohar batek.
"Egipto, Grezia, Espainia eta Islandiako gure anaia-arrebek bezala, Udaberri arabiarraren taktika erabili nahi dugu AEBetan demokrazia berriro ezartzeko". "Helburu horiek lortzeko, biolentzia ez erabiltzea eskatzen dugu, parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko".
Protesta
Broadwayko espaloietan eserita minutu batzuk eman dituzte ehunka lagunek, Poliziak Wall Streeteko sarbide guztiak blokeatzeko jarritako barrikaden aurrean. Bertan eserita zeuden guztiak atxilotzeko aukera zutela jakinarazi du Poliziak.
Gertakariak
AEBetako larunbateko azken orduan (egunsentia gurean), aurpegia estalita zuten bi lagun hartu dituzte, izan ere bertako legeen arabera, krimena da bi lagunek edo gehiagok aurpegia estalita eramatea. Gainera, Bank of Americako sukurtsal batera sartu nahian zeudela esan dute.
Sare sozialak pil-pilean daude, Twitter bereziki, #occupywallstreet hastag-arekin. Ordu gutxitan biderkatu egin dira era honetako mezuak eta Anonymous hacker taldearen oniritzia ere jaso dute.