Mundua -

Urteurrena Japonian

Nagasakiko eraso nuklearra azkena izatea eskatu diote munduari 75 urte geroago

Arma nuklearrak, klima aldaketa eta pandemiak mehatxu globala direla ohartarazi du Tomihisa Taue Nagasakiko alkateak.

Nagasaki (Japonia). Argazkia: EFE
Nagasaki (Japonia). Argazkia: EFE
Nagasaki (Japonia). Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraso nuklearraren 75. urteurrena bete dela gogorarazi du Nagasaki (Japonia) hiriak igande honetan. Bonba atomiko batek suntsitu zuen bigarren hiria da, eta azkena orain arte. Arma nuklearrak deuseztatzea eskatu du Nagasakik.

“Mundu osoari dei egiten diot. Bakearen aldeko lanean murgiltzeko modu ugari daude”, aldarrikatu du Tomihisa Taue Nagasakiko alkateak. Arma nuklearrak, klima aldaketa eta pandemiak mehatxu globala direla ohartarazi du.

Lore eta ur eskaintza sinboliko baten ostean, biktimen omenez, ehunka pertsonak minutu bateko isilunea gorde dute 11:02ean, duela 75 urte leherketa gertatu zen ordu berean. Isilunea ekitaldi ofizialaren barruan zein kanpoan zeuden pertsonak egin dute.

Minutu gutxi batzuk lehenago, dozenaka erlijiosok otoitz egin dute inguruetan; aldi berean lau elkarretaratzek arma nuklearren, gerren eta Gobernuen aurka protesta egin dute.

Hala ere, orduak jo duenean leherketaren epizentroko oroitarriaren aurrean zutunik jarri dira guztiak, eta isilunea gorde dute. Kanpai-hotsa eta txitxarren txinta bakarrik entzun da orduan.

Biktimen omenez egindako zeremonia ofizialean Tomihisa Taue Nagasakiko alkateak adierazpen bat irakurri du. Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeari Buruzko Ituna berrikusteko biltzarrean parte hartuko duten herrialdeei “armagabetze nuklear eraginkor baterako bidea markatzea” eskatu die Tauek.

Duela hiru egun Hiroshimako alkateak, lehen eraso nuklearraren urteurrenean, egin bezala, Tauek Japoniako Gobernuari eta potentzia nuklearrei Arma Nuklearrak Debekatzeko Ituna lehenbailehen sinatzea eskatu die. Itunak 50 sinadura behar ditu indarrean sartzeko, orain arte 43k babestu dute.

Hibakusha edo leherketatik bizirik atera ziren pertsonen lekukotza izugarriak 75 urte entzuten eman ondoren, arma nuklearrak desagertzeko nahikoak ez ote diren galdetu du Nagasakiko alkateak.

“Koronabirus berriaren antzera, gure inguruan hedatu zen arte beldurrik ez genion bezala, gizateria ez da arma nuklearren mehatxuaz jabetzen, berriz erabili arte, baina orduan egoerak ez du atzera bueltarik izango”, azpimarratu du Tauek.

Aurten zeremonia xumeagoa egin dute covid-19a dela medio. 500 pertsonak parte hartu dute ekitaldi ofizialean, iaz 5.200 inguru izan zirenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia Eguneko albisteak Albisteak