Mundua -

Mali

"Salbaziorako Batzorde Nazionalak" boterea hartu, eta hauteskundeak hitzeman ditu

Estatu-kolpea eman, Asanblada Nazionala desegin eta Ibrahim Boubacar Keita presidenteari dimisioa ematera behartu ondoren, kolpistek hauteskundeak iragarri dituzte.

Kolpistek hauteskundeak iragarri dituzte. Argazkia: EFE.
Kolpistek hauteskundeak iragarri dituzte.
Kolpistek hauteskundeak iragarri dituzte. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asanblada Nazionala desegin eta Ibrhim Boubacar Keita presidentea dimititzera behartu ondoren, atzo Malin estatu-kolpea eman zuten militarrek, gaur aurkeztu dute "Salbazio Publikorako Batzorde Nazionala" eta hauteskundeak iragarri dituzte "arrazoizko denbora epe batean".

Batzordeko bost kide telebista publikoan agertu dira eta horren ordezkari gisa aurkeztu den Ismael Waghe teniente-koronelak ohar bat irakurri du. Gainera, teniente-koronelak mugen itxiera eta, "beste agindu bat eman arte", gauerako etxeratze-agindua ezarri dute.

Komunikatuak zortzi minutu iraun ditu eta telebistak maila ezberdinetako militarren irudiak ematen zituen bitartean irakurri du Waghek. Dirudienez, irudietako militarrak, estatu-kolpearekin bat egin dutenak dira. Oraingoz estatu-kolpea odolgabea izan da, orain arte ez baita biktimen inguruko daturik eman.

Batzordeko ordezkariak, "gizarte zibila eta indar politiko zein sozialak" mugimendura batzera deitu ditu "elkarrekin, hauteskunde sinesgarriak izateko kondizioak emango dituen trantsizio politiko bat" egiteko, baina ez du Batzordeak agintean zenbat denbora emango duen esan.

Mugimenduaren burua zein den ere ez du argitu.

Waghe nazioarteko komunitatea (aho batez gaitzetsi du kolpea) lasaitzen saiatu da, Aljerreko Akordioak indarrean jarraitzen dutela esanez, adiskidetze nazionalaren oinarriak ezarri zituen 2015eko bake itunari erreferentzia eginez, indarkeria amaitzeko balio izan ez badu ere.

Are gehiago, Minusma (NBEk Malin duen misioa), Berkhane indarra (Frantziak Sahelen duen misioa) eta G5 indarra (Malik Mauritania, Niger, Burkina Faso eta Txadekin duen aliantza militarra) aipatu ditu, eta horiei "bazkide" deitu die eta prozesu horretan militarrak "laguntzeko" gonbita egin du.

Presidenteak atzo aurkeztu zuen dimisioa

Ibrahim Boubacar Keita presidenteak (2013tik dago boterean), atzo aurkeztu zuen bere dimisioa, baita gobernu guztiarena ere, telebista nazionalaren bidez emandako adierazpen batean, ordu batzuk lehenago kolpe militarrak kargutik kendu ostean.

"Ez dut ni boterean mantentzeko odol gehiago isurtzerik nahi", esan zuen Keitak. "Kargua uzten duen presidentea" bezala aurkeztu zuen telebista ofizialak.

IBK-k, jendartean ezagutzen zaion bezala, erabakia militarrek behartuta hartu zuela eman zuen aditzera: "Ba al dut beste aukerarik?", galdetu zuen, "indar militarretako kide batzuek ondorioztatu dute nire agintaldiak haien esku-hartzearen bidez bukatu behar zuela" gogoratu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak