Mundua -
Bielorrusia
Lukashenkok Bielorrusiarako Gobernu berria iragarri du, protesten artean
Europar Batasunak ez ditu aintzatesten hilaren 9ko hauteskundeetako emaitzak; bitartean, agintariak zaintza indartu egin du mugan, batez ere NATOren tropen mugimenduei adi egoteko.
Agentziak | Erredakzioa
Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidenteak Gobernu berria iragarri du asteazken honetan, haren berrautaketaren aurkako protesta gogorren artean. Roman Golovchenko izango da lehen ministroa. Bitartean, Europar Batasunak ez ditu aintzatesten hilaren 9ko hauteskundeetako emaitzak, eta Bielorrusiako agintariak zaintza indartu egin du mugan, batez ere NATOren tropen mugimenduei adi egoteko.
"Ordezkarien Ganberak onartuta, presidenteak Golovchenko izendatu du", zehaztu du BelTA albiste-agentziak; horrek baieztatu duenez, agintariak beharrezko dekretuak sinatu ditu.
Presidenteak eskaria egin die Europako liderrei, bai eta Ameriketako Estatu Batuei ere, Bielorrusiaz arduratzeari uzteko, eta auren arazoez arduratzeko. Halaber, jarraibide zehatzak eman ditu, asteazken honetan bertan, "segurtasuna bermatu eta ordena publikoari eusteko".
Hilaren 9an izandako hauteskundeetan, Lukashenko berrautatu zuten bielorrusiarrek, seigarren aldiz Presidentetzan egoteko. Emaitza ofizialaren arabera, botoen % 80 eskuratu zituen, eta Svletana Tijanovskaya aurkariak, aldiz, % 10; oposizioak, baina, iruzurra salatu du, eta, nazioarte-mailan, hainbatek ez dute emaitza aintzatesten.
Ordutik, bielorrusiarrek manifestazio oso jendetsuak egin dituzte, agintariaren aurka; Lukashenko 1994tik dago presidente. Protesta-oldearen ondorioz, gutxienez hiru lagun hil dira, ehunka zauritu, eta milaka herritar atxilotu dituzte.
Lukashenkok uko egin dio hauteskundeak errepikatzeari, baina ez du baztertu Konstituzioa erreformatzea, bere botereak banatzeko. Ildo horretan, berretsi du, berriro ere, "edozein aldaketak" legea eta Konstituzioa izan behar dituela abiapuntu.
Halaber, ziurtatu du ez dagoela atzerriko troparik herrialdean: "Atzerriko tropei dagokienez, Bielorrusian ez dago beste Estatu bateko inor, egun", azpimarratu du. Salatu ditu, hortaz, azken egunotan ibili diren informazio batzuk; horien arabera, Errusiako soldaduak daude Bielorrusian.
Europar Batasunak ez ditu aintzatesten hauteskundeetako emaitzak
Testuinguru honetan, Europar Batasuneko Estatuburuek eta Gobernuburuek erabaki dute ez dituztela aintzatetsiko Bielorrusiako hauteskundeetako emaitzak; halaber, eskatu dute esku-sartzerik gabeko konponbidea egotea.
"Hauteskundeak ez ziren bidezkoak izan, ezta askeak ere, eta ez zituzten nazioarteko estandarrak bete. Ez ditugu aintzatesten Bielorrusiako agintariek aurkeztutako emaitzak", adierazi du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, prentsaurrekoan. EBko liderrek goi-bilera egin dute, bideokonferentziaz, eta Michelek horren ostean hitz egin du.
Gainera, Michelek zehatu du Europar Batasunak "zigorrak" ezarriko dizkiela "hauteskunde-iruzurrean eta herrialdean dagoen indarkerian erantzukizuna duten pertsonei. Zigor hautakorrak izango dira, ez dira Bielorrusiako herritarren aurkako zigorrak izango", argitu du.
Mugako zaintza indartzea agindu du Lukashenkok
Halaber, Lukashenkok agindu die herrialdeko segurtasun-indarrei mugako zaintza indartzea; "bereziki", adi egon daitezela NATOren tropen mugimenduei. Erabakiaren helburua da, presidentearen esanetan, "Bielorrusian ez sartzea mertzenariorik, armarik, muniziorik edo istiluak finantzatzeko baliabiderik".
NATOren tropek Bielorrusiaren ondoan dauden Polonian eta Lituanian egindako mugimenduak nahi ditu zaindu, batez ere, Lukashenkok; izan ere, bi herrialde horietako Gobernuek babestu egin dute oposizio bielorrusiarra, beste hauteskunde batzuk deitzeko eskarietan.