Mundua -

Errusia

Omskeko medikuen arabera ez dago pozoi arrastorik Navalniri egindako analisietan

Errusiako oposizioko burua artatzen ari diren profesionalek uko egin diote haren osasun egoerari buruzko xehetasun gehiago emateari, eta Navalni lekualdatzeko baimena ematea baztertu dute.

Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua. Argazkia: Facebook
Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua.
Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua. Argazkia: Facebook

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua artatzen ari diren medikuek ia baztertutzat jo dute hura pozoitu izana, haren ingurukoek adierazi bezala. Hain zuzen ere, Omsk hirian ospitaleratu dute, ustez toxina batekin pozoitu dutelako. Oposizioko burua "larri" dago, koman, zainketa intentsiboetako unitatean.

Halaber, Anatoli Kalinichenko Omskeko BSMP-1 Ospitaleko larrialdi zerbitzuko medikuen buruak esan duenez, Navalniri gertatutakoaren inguruko "diagnostikoa ia amaituta" dute jada, baina ez du horren inguruko xehetasun gehiagorik eman nahi izan.

Medikuak adierazi duenez, "intoxikazioaren susmoak gure subkontzientzian jarraitzen du ziurrenik, baina ez dugu uste Navalni pozoitu duenik. Orain arte egindako analisietan ez dugu toxinen arrastorik aurkitu", gaineratu du.

Alabaina, zertxobait lehenago Navalnik berak sortutako ustelkeriaren aurkako fundazioko presidenteak, Ivan Zhdanovek, esan duenez, Errusiako oposizioko liderra ustez pozoitzeko erabili duten txoxina oso arriskutsua da, bai Navalnirentzat baita haren inguruan daudenentzat ere.

"Navalniren ondoan dauden pertsona guztiek norbera babesteko jantzi bereziak erabili behar dituzte", esan du Zhdanovek, iturri gisa polizia bat aipatuz. Alabaina, ez du argitu zein substantzia erabili zuten oposizioko liderraren kontra, "isilpeko sumarioagatik".

Testuinguru horretan, Alexander Murajovski Omsk hiriko BSMP-1 larrialdietako ospitaleko buruak adierazi duenez, orain arte oposizioko buruari egindako analisi guztiek emaitza negatiboa izan dute.

Horrez gain, Navalni zainketa intentsiboetako unitatean dagoela baieztatu du, eta, koman jarraitu arren, bere egoerak zertxobait hobera egin du azken orduetan. "Denok ari gara buru-belarri lanean haren bizia salbatzeko asmoz", esan du. Hala, oraindik beste proba batzuk egin behar dizkiotela gaineratu du, eta horien emaitzak "datozen egunetan" izatea espero du.

Navalni ezin dutela beste toki batera eraman salatu dute

Kira Yarmysh Errusiako oposizioko buruaren bozeramaileak salatu duenez, medikuek, Kremlinek presionatuta, uko egiten diote orain Navalni beste ospitale batera lekualdatzeko baimena emateari, hasieran hala egingo zutela ziurtatu zieten arren.

Opositorearen bozeramaileak salatu duenez, lekualdatzea ukatzen duten bitartean "denbora irabazten" ari dira, "gorputzean pozoia arakatu ezin izateko". "Denborak aurrera egin ahala, nabarmen areagotzen da Navalni hiltzeko arriskua", salatu du.

Bitartean, Omskeko ospitalean opositorea artatzen ari diren medikuek uko egin diote haren osasun egoerari buruzko xehetasun gehiago emateari. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Delituak Salaketak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak