Mundua -

Turkia

Ebru Timtik abokatua hil da Turkian, gose greban zortzi hilabete eman ondoren

Timtik "talde terroristako kidea izateagatik" zigortu zuten, eta "bidezko epaiketa bat" eskatzen ari zen, Abokatu Progresisten Elkartearen (ÇHD) arabera.

Ebru Timtik abokatuaren heriotzagatik protestak izan dira. Argazkia: EFE
Ebru Timtik abokatuaren heriotzagatik protestak izan dira.
Ebru Timtik abokatuaren heriotzagatik protestak izan dira. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ebru Timtik abokatu turkiarra hil da, "bidezko epaiketa" bat eskatzeko gose greban 238 egun eman ostean, Abokatu Progresisten Elkarteak (ÇHD) informatu duenaren arabera. Timtik hamahiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten talde terroristako kide izatea egotzita.

"Gure lagun abokatu Ebru Timtik galdu berri dugu, 238 egunez baraualdian egon ondoren bidezko epaiketa bat eskatzeko", esan du ÇHDk Twitterren. Timtik elkarte horretako kidea zen.

2019ko martxoan 13 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten "talde terroristako kidea izateagatik". Epaiketa polemikoa izan zen. Defentsak probak ezin eskuratzea eta epaimahaiak lekuko anonimoak onartzea kritikatu zuen.

Urtarrilaren 2an gose grebari ekin zion Timtikek. Hilabete baten ostean, gauza bera egin zuen Aytaç Unsal abokatu zigortuak. Biak uztailean ospitaleratu zituzten, epaimahai batek askatzeari ezezkoa eman ostean, Istanbulgo Auzitegi Medikuen Institutuaren txosten batek eskatu zuen arren.

Timtik eta Unsalez gain, beste hamasei abokatu terrorismoarekin ustezko lotura izateagatik espetxeratu dituzte Turkian. Ankarako Abokatuen Elkargoko presidente Erinc Sagkanek “hilketa” ekiditea eskatu die agintariei.

Apirilean eta maiatzean beste bi preso hil ziren gose greba luzeen ondoren. Ezkerreko musika talde bateko kideak ziren, eta Timtik bezala, DHKP-Cko kideak izatea leporatuta zigortu zituzten. Turkiak, Europar Batasunak, Erresuma Batuak, Estatu Batuek eta Japoniak talde terroristatzat dute DHKP-C.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Turkia