Mundua -
Minsk
Gutxienez 125 atxilotu Lukashenkoren aurkako beste protesta jendetsu batean
Presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Lukashenkok abuztuan, baina oposizioak "iruzurra" salatu du. Inoiz inoiz bizi duen protesta-olderik handienean murgilduta dago egunotan Bielorrusia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
100.000 bielorrusiar baino gehiago bildu dira igande honetan Minskeko erdigunean, bakearen eta independentziaren aldeko martxaren harira, Alexander Lukashenko presidentearen aurkako hirugarren protestan.
26 urte daramatza boterean Lukashenkok, eta hauteskunde presidentzialak irabazi zituen berriro joan den abuztuaren 9an, oposizioak hauteskunde-iruzurra salatu bazuen ere. Historian inoiz bizi duen protesta-olderik handienean murgilduta dago egunotan Bielorrusia.
Independentzia eta Garaileen etorbideak jendez lepo daude, EFE albiste-agentziak baieztatu duenez. Aurreko igandean ere jendetza batu zen Minskeko kaleetan.
"Minsk, hiria-heroia" oroitarria hesiz inguratu du Poliziak, eta manifestari anitz bildu dira han bertan, bandera txuri-gorriekin, "Gora Bielorrusia" oihuen artean.
Manifestarien parte bat Independentzia Jauregira abiatu da, oposizioak Telegramen bidez deituta, "Lukashenkorentzako opariak" uzteko asmoz. Izan ere, presidenteak 66 urte bete ditu gaur.
Bestalde, Olga Chemodanova Barne Ministerioaren bozeramaileak iragarri duenez, gutxienez 125 manifestari atxilotu dituzte, "baimenik gabeko protestetan parte hartzeagatik".
"Ordena eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte Barne Ministerioaren agenteek", adierazi du, eta herritarrak deitu ditu "protestetan parte ez hartzeko edota adingabeak ekintza horietan ez nahasteko".