Mundua -

Erreferenduma

Italiarrek babestu egin dute parlamentari kopurua heren bat murriztea

Hurrengo legegintzaldian, Italiako Diputatuen Ganberak 400 kide izango ditu, egungo 630en ordez.

Parlamentari kopurua heren bat murriztea onartu dute Italian

2:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiarrek babestu egin dute parlamentari kopurua heren bat murriztea, igandean eta gaur -astelehena- egindako erreferendum batean. Gobernuan dauden alderdiek, bereziki 5 Izar Mugimenduak (M5E), murrizketa horren alde egin zuten.

15:00etan hauteslekuak itxi bezain pronto publikatutako inkesten arabera, boto-emaileen % 60-64k babestu dute erreforma, baina lehen emaitza ofizialek % 70era igotzen dute aldekoen kopurua. Parte-hartzea % 55ekoa izan da, lehen zenbaketa ofizialen arabera.

Guztira 47 milioi pertsona zeuden deituta erreferendumean bozkatu eta parlamentari zenbakia 945etik 600era murrizteko. Batik bat, M5E alderdi antisistemak bultzatu du proposamena.

Hurrengo legegintzaldian, Italiako Diputatuen Ganberak 400 kide izango ditu, egungo 630en ordez, eta Senatuak, aldiz, 200 (315 ditu orain). Erreformak, baina, ez du eraginik izango bi ganberen funtzioetan edo zereginetan.

Erreferenduma martxoan zen egitekoa, baina atzeratu egin behar izan zuten, koronabirusaren ondorioz.

M5E alderdiak politikagintzako gastuak murrizteko eta erakundeen eraginkortasuna handitzeko egin zuen proposamena.

Gobernuan dauden Alderdi Demokrata eta Askeak eta Berdinak alderdi ezkertiarrek ere egin dute baiezkoaren alde, baina Matteo Renzi lehen ministro ohiaren Italia Bizirik alderdiak boto askatasuna eman die militanteei.

Oposizioan, eskuin muturrak ere erreformaren alde egin du, eta Silvio Berlusconiren Forza Italiak boto askatasuna eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Italia