Mundua -

Uholdeak

'Alex' erauntsiak bi hildako eta 24 desagertu utzi ditu Frantzian eta Italian

8 pertsona, tartean bi suhiltzaile, desagertu dira Nizatik gertu (Frantzia). Bestalde, bi pertsona hil eta beste 16 desagertu dira Italiako iparraldean.

Cuneo, Italia. Argazkia: EFE
Cuneo, Italia. Argazkia: EFE
'Alex' erauntsiak euri-jasa bortitzak eta uholdeak utzi ditu Frantzian eta Italian

0:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez zortzi pertsona, tartean bi suhiltzaile, desagertu dira Niza (Frantzia) hiritik gertu. 'Alex' erauntsiak euri-jasa bortitzak eta uholdeak eragin ditu eskualdean, bertako agintariek FranceInfo irratiari jakinarazi diotenez.

Bestalde, bi pertsona hil eta beste 16 desagertu dira Italiako iparraldean. Eguraldi kaskarrak kalteak sortu ditu, Piamonte eskualdean batez ere.

Soilik hamar ordutan 500 mililitro baino gehiago bota ditu Nizatik gertu dauden herrietan, zonaldean urte oso batean bota ohi duena. Gainera, udalerriak haran sakon batean daude.

Uholdeek eragindako kalte ikaragarriak deitoratu ditu Christian Estrosi Nizako alkateak. “Sekula ikusi ez dudan hondamendiari aurre egin diogu”, adierazi du bertako komunikabideen aurrean.

Nizako alkatea: "Sekula ikusi ez dudan hondamendiari aurre egin diogu"

Bitartean, etxean geratzeko eskatu diete agintariek herritarrei. Uholdeak kaosa eragin du trafikoan. Urak bertako zubi bat txikitu du.

Eskualdean 13.500 etxebizitza inguru argindarrik gabe daude. Larrialdi zerbitzuetako 850 bat kide lanean ari dira.

Era berean, 'Alex' ekaitza Frantziako ipar-mendebaldean kaosa eta kalteak eragiten ari da. Horrela, 30.000 pertsona argindarrik gabe daude Bretainian. Gauean 186 kilometro orduko haize ufadak izan dira Belle-Ile-sur-Mer uhartean.

Bestalde, Piamonten (Italiako ipar-mendebaldea) 11 pertsona desagertu dira, horietako hamar Cuneon, eta beste bat Vercellin, Sesia ibaiak gainezka egin eta haren autoa eraman ondoren.

Garbiketa lanak Cuneon (Italia). Argazkia: EFE

Garbiketa lanak Cuneon (Italia). Argazkia: EFE

Gainera, 53 urteko Rinaldo Challancin suhiltzaile boluntarioa hil da Arnaden (Aosta). Zuhaitz bat gainean erori zaio zonaldea garbitzen ari zenean.

Cuneoko kooperatiba bateko hiru boluntario desagertuen artean daude. Furgoneta batean zihoazen Val Royan. Bestalde, antza denez, erreka batek artzain bat eraman du.

Valle Gesson (Piamonte), Alemaniako sei txangozale bilatzen ari dira.

20 urteko gazte bat desagertu da Valsesian, Doccio eta Crevola (Vercelli) lotzen dituen errepidean. Errepidearen zati bat desagertu da.

Piamonte osoan 1958ko marka historikoa hautsi dute eguneko prezipitazioek, ingurumen babeserako agentziak azaldu duenez.

Limone Alpeetako turismo zentroa, Frantziako mugan, bakarturik dago, eta ez du argindarrik, ezta urik ere. Urak zonalde ugari hartu ditu, eta eraikin batzuk hustu behar izan dituzte.

Era berean, Liguriako eskualdean, batez ere Ventimiglian, uholdeak izan dira. Bergamon 100 kilometro orduko abiadura gainditu dute haize ufadek, eta luiziak izan dira euri-jasa bortitzen ondorioz. Zenbait errepide itxi behar izan dituzte.

Vercelli eta Novara lotzen dituen tren zerbitzua eten behar izan dute, Sesia ibaiak gainezka egin ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Denboraleak Frantzia Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Italia Ekaitzak Hondamendi naturalen biktimak