Mundua -

Autodeterminazioa

Erreferenduma berriro Kaledonia Berrian, independentzia bai ala ez erabakitzeko

180.340 pertsonak botoa emateko eskubidea dute, 2018ko lehen erreferendumean baino 6.000 gehiago. Orduan ezezkoak lortu zuen garaipena, botoen % 56,7arekin.

Bigarren independetzia erreferenduma Kaledonia Berrian. Irudia: AFP albiste-agentzia
Bigarren independetzia erreferenduma Kaledonia Berrian. Irudia: AFP albiste-agentzia
Bigarren independetzia erreferenduma Kaledonia Berrian. Irudia: AFP albiste-agentzia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

180.000 pertsona baino gehiagok independentziaren aldeko edo kontrako botoa emateko eskubidea izango dute igande honetan, Kaledonia Berrian. Itsasoz haraindiko lurralde frantziarra Ozeaniako artxipelago batean dago, eta bigarren erreferenduma izango du bi urteren buruan.

Guztira, 180.340 pertsonak botoa emateko eskubidea dute, 2018ko lehen erreferendumean baino 6.000 gehiago. Orduan ezezkoak lortu zuen garaipena, botoen % 56,7arekin. Parte-hartze handia izan zuen galdeketak: % 81,01.

"Kaledonia Berriak erabateko subiranotasuna eta independentzia lortzea nahi al duzu?", galderari erantzun beharko diote hautesleek. Hala eta guztiz ere, ezezkoak garaipena berriro lortzen baldin badu, independentistek hirugarren aukera bat izango dute 2021ean edo 2022an, Noumeako (artxipelagoko hiriburua) Akordioan adostu bezala.

Giroa baretzea lortu zuen bake eta deskolonizazio akordioak. Independentziaren aldeko mugimenduak 80ko hamarkada markatu zuen, eta indarkeriak gora egin zuen artxipelagoan.

Nazioarteko 230 begiralek bozketa gertutik jarraituko dute. Hala ere, independentistek Frantziako Estatuaren papera zalantzan jarri dute oraingoan; izan ere, kanpainan esku-hartzea leporatu diote. Hauteskunde kodea indargabetzeko baimena eman du Parisek, horrela unionistek Frantziako bandera sartu ahal izan dute hauteskunde agirietan.

Hautesleen kopuruak gora egin duenez baiezko botoa haztea espero dute aditu batzuek, hau da, emaitza 2018an baino estuagoa izatea. Horrek independentistak hirugarren deialdi bat defendatzera gehiago bultzatuko lituzke.

Bi urteko epe hain laburrean, ostera, egoera hainbeste aldatzea zalantzan jartzen dute beste aditu batzuek.

Bitartean, Frantziako Estatua diskrezioa mantentzen saiatu da, unionisten haserrerako. Horrela, balizko hirugarren galdeketa batean metropoliaren presentzia handiagoa aldarrikatuko lukete unionistek.

Emmanuel Macron presidenteak agerraldia egingo du eguerdian (Pariseko ordutegia), igande honetan, emaitzen berri duenean. Frantziako hiriburuaren eta Noumearen artean bederatzi orduko aldea dago.

Baiezkoak irabazten baldin badu Kaledonia Berria Estatu independentea bihurtuko litzateke, eta justizia, segurtasun eta beste hainbat eskumen bereganatuko lituzke.

Trantsizio epea

Baina Frantziak ez du lurraldea berehala, egun batetik bestera, uzteko asmorik, trantsizio epe bat izango baita. Bi aldeek finkatu behar dute. Bitartean, Paris segurtasunaz, ordena publikoaz, diruaz eta justiziaz arduratuko da.

Independentistek hiru urteko trantsizio epea nahi dute, 2023ko maiatzera arte, Estatu berria ezarri baino lehen, baina unionistak artxipelago baketsua Txinaren eraginpean geratzeko beldur dira, beste lurralde batzuekin gertatu bezala. Horregatik, independentzia azkar, berehala, gauzatzearen beldur dira.

2018ko txosten baten arabera, Frantziako Estatuaren diru-sarrerak artxipelagoan 1.300 milioi eurokoak dira, Kaledonia Berriaren BPGren % 15, alegia.

Garaipena lortzen baldi badute, beste herrialde batzuen diru-laguntzekin eta Australia bezalako potentziekin akordioak lortuz aurrera aterako direla uste dute independentistek.

Kaledonia Berriko artxipelagoan Grande Terre uharte nagusia da. Lurraldeak 284.060 biztanle ditu, 2018ko erroldaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Munduko albisteak Paris gaur Kataluniaren independentzia Bigarrena Eskoziako erreferenduma Frantzia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Ozeania albisteak