Mundua -
AEB
George Floyd belaunarekin ito zuen polizia, libre
Milioi bat euroko bermea ordainduta kaleratu dute, eta martxoan epaituko dute homizidioa egotzita.
agentziak | erredakzioa
Derek Chauvin Mineapoliseko (Minesota, AEB) polizia ohia, George Floyd afroamerikarra lepoan belauna jarrita ito zuena, libre geratu da bermea ordainduta.
Chauvin maiatzetik zegoen atxilotuta, martxoan du Floyden heriotzari buruzko epaiketa, eta gaur geratu da libre milioi bat dolarreko bermea ordainduta.
Floyden hilketan parte hartu zuten lau polizietatik, Chauvin izan da espetxetik ateratzen azkena, aurretik atera baitziren hilketaren konplize izatea leporatuta atxilotutako Tou Thao, J. Alexander Kueng eta Thomas Lane.
Floyden heriotzak poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazioak eragin zituen AEBetako 20 bat hiritan, neurri batean atxiloketaren irudien gordintasunagatik, horietan ikusten baitzen Chauvin belauna Floyden lepoan jarrita, eta atxilotua konortea galtzen arnasarik gabe.
44 urteko polizia ohiak 19 urte zeramatzan Mineapoliseko Polizian, eta Hennepin konderriko auzitegi batean bigarren graduko homizidioa eta hilketa egotzita epaituko dute, martxorako programatutako epaiketa batean.
Chauvinen askapenak Mineapolisen tirabirak sortuko dituen beldur dira.