Mundua -

KORONABIRUSA

Frantzia murrizketa gehiago prestatzen ari da, COVID-19ak egoera okertu ondoren

Frantziako Gobernua eremu kaltetuenetan gauean etxeratzeko agindua ezartzea aztertzen ari da.

La Pitié-Salpêtrière ospitalea, Paris (Frantzia). Argazkia:EFE
La Pitié-Salpêtrière ospitalea, Paris (Frantzia).
La Pitié-Salpêtrière ospitalea, Paris (Frantzia). Argazkia:EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Gobernua neurri murriztaile gehiago prestatzen ari dira koronabirusaren hedapenari aurre egiteko. Aztertzen ari diren neurrietako bat etxeratze-agindua da, gauez kalera irtetea eragotziko lukeena eta alerta gorenean dauden hiriguneetako batzuetan ezarriko litzatekeena.

Tokiko konfinamenduei buruzko galderen aurrean, Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan du ospitaleen egoeraren aurrean ezin dela "ezer baztertu", eta konfinamendu orokorrera itzultzea saihesteko ahal den guztia egin behar dela.

Etxeetan pertsona talde handiak biltzea saihesteko, erantzukizuna eskatu die Castexek herritarrei, eta adineko pertsonak bisitatzeko orduan kontuz ibiltzeko.

Frantzian alerta handieneko eremutzat hartzen dira astebetean 100.000 biztanleko gutxienez  250 kasu berri erregistratu dituztenak, 65 urtetik gorako pertsonen artean 100.000 biztanleko 100 kasu berri dituztenak, eta zainketa intentsiboetako unitateetako oheen % 30 koronabirus gaixoekin beteta dituztenak.

Gaur egun, honako hauek daude alerta egoera gorenean: Paris; Marseilla-Aix-en-Provence; Lyon; Grenoble; Saint-Étienne; Lille; Guadalupe uhartea (Karibe), Tolosa eta Montpellier.

Frantziako egungo egoera

Osasun agentzia publikoak astelehenean, urriak 12, 96 heriotza eta 8.505 kutsatze berri jakinarazi zituen, aurreko egunetan baino kutsatze kopuru baxuagoa, asteburuari dagokiolako, askoz test gutxiago egiten direnean. Konparazioa egiteko, igandean 416.101 positibo atzeman ziren eta larunbatean 27.000. Zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19aren ondorioz dauden gaixoen kopuruak gora egiten jarraitzen du etengabe uda amaitu zenetik, eta dagoeneko 1.500 baino gehiago dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Emmanuel Macron Koronabirusa Frantziako Gobernua gaur