Mundua -
Analisia
Frantziako ezkerraren itxaropen berria
Bozkatzera joan diren ia hiru milioi lagunek Holland nahiago izan dute, agian datorren urteko hauteskundeetan egungo presidentea, Sarkozy, garaitzeko aukera gehienak dituela pentsatzen dutelako.
Erredakzioa
François Hollandek ez du garbi esan, baina François Mitterrand berria bezala agertu nahi du, 1981ean Frantziako presidentzialak irabazi eta 1988an berrautatua izatea lortu zuen lider sozialista. Antzekotasuna ez du programan adierazi nahi izan, Miterranden programak Hollandenak baino haustura gehiago proposatzen baitzituen, baina bai ikuspegian: Miterranden orduko leloa "aldaketa lasaia" izan zen, eta horixe da Hollandek proposatzen duena, soinu askorik gabeko aldaketa.
Martine Aubryk, alderdi sozialistaren primarioen galtzaileak, Holland baino ezkerrerago zegoela erakusteko asmoa izan du, azken honek berriz, erdirantzago zegoela erakusten jarri ditu ahaleginak.
Azkenik, atzo bozkatzera joan ziren ia hiru milioi lagunek Hollanden proposamena nahiago izan zuten, agian datorren urteko hauteskundeetan egungo Frantziako presidentea, Nicolas Sarkozy, garaitzeko aukera gehienak dituela pentsatzen dutelako. Izan ere, hor dago gakoa: Eliseora iristeko aukera gehien dituen hautagaia aukeratzea.
Frantziako alderdi sozialistak partehartzean arrakasta handia lortu du. Militanteez gain, ezkerreko sentitzen den edonork bozka zezakeen. Dominique Strauss-Kahnen eskandalua ahaztea lortu dute, orain hilabete batzuk hautagai sozialisten artean gustukoena.
Orain soilik zalantza bat gelditzen da airean: nola egingo ote duen Hollandek kanpainan, orain arte erregio eta udal hauteskundeetan soilik hartu baitu parte eta orain, hauteskunde orokorretarako kanpaina du aurretik.