Mundua -

FRANTZIA

15 pertsona atxilotu dituzte Samuel Patyren hilketarekin lotuta, tartean lau ikasle

Ikerketako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, ikasle batek edo batzuek irakaslea nor zen adierazi zioten erasotzaileari, ehunka euroren truke.

Samuel Paty irakaslearen hilketa salatzeko moblizazioa Parisen. Artxiboko argazkia: EFE
Samuel Paty irakaslearen hilketa salatzeko moblizazioa Parisen
Samuel Paty irakaslearen hilketa salatzeko moblizazioa Parisen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian, 15 pertsona atxilotu dituzte iragan ostiraletik, Samuel Paty irakaslearen hilketarekin lotura dutelakoan, lau ikasle tartean, Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak jakinarazi duenez.

Atxilotu horien artean lau ikasle daude, eta dagoeneko aske utzi duten bosgarren bat ere batu behar zaie horiei. Le Monde egunkariak ikerketako iturriak aipatuz zabaldu duenez, ikasle batek edo batzuek irakaslea nor zen esan zioten Abdoullakh Anzorov erasotzaileari, ehunka euroren truke.

Horiez gain, mugimendu terroristekin lotura zuen beste pertsona bat atxilotu zuten. Bere burua aurkeztu zuen polizia-etxean, gertakariak gertatu baino lehen erasotzailearekin harremanetan egon zelako.

Gainera, beste hamar pertsona atxilotuta daude ostiraletik, batez ere, erasotzailearen senideak; gurasoak, aitona eta anaia txiki bat, besteak beste. Horiek guztiak Evreux herrian atzeman zituzten, erasoa gertatu zen lekutik 80 kilometrora.

Samuel Paty irakasleak adierazpen askatasunari buruzko eskola batean Mahomaren karikaturak erakutsi ondoren sare sozialetan haren aurkako kanpaina abiatu zuen guraso bat ere atxilotu dute. Gizon horrekin harremanetan zegoen Abdelhakim Sefraoui predikari islamista ere atzeman dute.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Patyren familiarekin bildu da astelehen honetan, eta omenaldi nazionala egingo diote asteazken arratsaldean.

Abdoullakh Anzorov erasotzailea, berriz, ostiralean bertan hil zuten.

Frantziak Samuel Patyren eskola salatu zuen meskita bat ixtea eskatu du

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak astelehen honetan adierazi duenez, Pantin meskita ixteko eskatu du. Aipaturiko meskitak Samuel Paty irakaslearen eskola salatu zuen Facebook sarean duen orrian argitaratutako bideo batean.

Darmaninek TF1 telebista katean adierazi duenez, Seine-Saint-Denis departamenduko prefetari meskita ixteko eskatu dio, zentro erlijioso horretako agintariak Paty "beldurtu" egin behar zutela esan eta institutuko helbidea jakinarazi zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak EB Europa bideoak Frantzia berriak Atentatuak argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Espetxeen albisteak gaur