Mundua -

Internet

Ameriketako Estatu Batuek Google auzitara eramango dute monopolioa egotzita

Urtebeteko ikerketa amaitu ondoren kereilaren berri eman dute. Salaketaren arabera, Google erraldoiak "akordio esklusiboen legez kanpoko sare baten bidez konpetentziari kalte egiten dio".

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Justizia Departamentuak eta hamaika estatuk Google Interneteko erraldoia auzitara eramango dute, bilatzaileari monopolioa leporatuta. Ordenagailuetan bilaketen % 80 Google bidez egiten dira AEBetan, eta mugikorretan % 90.

Urtebeteko ikerketa amaitu ondoren kereilaren berri eman dute. Salaketaren arabera, Sundar Pichaik zuzentzen duen enpresak legez kanpoko ekintzak erabili ditu merkatuan nagusitzeko eta konkurrentzia (Yahoo, Bing eta DuckDuckGo) banaketa kanal nagusietara heltzea eragozteko.

Jeffrey Rosen Justizia Departamentuko fiskalaren ondokoak prentsaurreko telefonikoan azaldu duenez, Internetera “sartzeko zaindari nagusiaren” papera “akordio esklusiboen legez kanpoko sare baten bidez” mantendu du Google erraldoiak, “konpetentziari kalte eginez”.

Besteak beste, Apple konpainiari milaka miloi dolar ordaintzen dizkio, Google bilatzailea iPhone telefonoetan kokatzeko, eta gainera, konpetentziaren bilatzaileak instalatzea debekatzen dio kontratu berezien bidez.

Rosenek erantsi duenez, praktika horiekin konpainiak “berrikuntza eta Google berrien sorrera eragotzi du”.

Erraldoi teknologikoak AEBetan ordenagailuetako bilaketen ia % 80a kontrolatzen du, eta % 90a mugikorretan eta tabletetan. Horrela, Facebookekin batera, Interneteko publizitate merkatuan nagusi da.

Borroka judizialak urteak iraun ditzake, 1998an Silicon Valleyn sortutako konpainiak finantza sendoak dituelako; izan ere, erreferentzia teknologikoetako bat da merkatu digital globalaren sorreran.

Salaketak “gabezia ugari” dituela argudiatu du Google konpainiak. “Monopolioaren aurkako argudio zalantzagarrietan” oinarritzen dela gaineratu du erraldoiak.

Azken urteetan, erraldoi teknologikoak kritikatu dituzte gobernu eta bloke ezberdinek, besteak beste, Europar Batasunak (EB); izan ere, botere handia pilatu eta mozkin ikaragarriak lortzen dituzte, baina zerga gutxi ordaindu.

Horrela, Facebook, Apple edo Amazon bezalako erraldoi digitalak ikertzen ari dira, balizko jauntxokeria kasuek gobernuak kezkatzen dituztelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Delituak Google Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Internet