Mundua -

Koronabirusa

Europa martxoko egoera itzultzetik gertu, pandemiaren eraginez

OMEk adierazi du une honetan EB dela pandemiaren erdigunea, egunero 200.000 kasu berri baitaude; eta estatu batzuk, Frantziakoak adibidez, ez du konfinamendua baztertzen.

Jendea musukoarekin paseatzen, Berlinen. Argazkia: Efe
Jendea musukoarekin paseatzen, Berlinen. Argazkia: Efe
Jendea musukoarekin paseatzen, Berlinen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren pandemia okerrera egiten ari da kontrolik gabe Europan, eta ondorioz, hainbat estatu neurri murriztaileak hartzen ari dira ordutegi, jarduera eta mugimendu arloetan. Egoera horrek iragan martxoko egoera dakar gogora, pandemiaren lehenengo oldea hasi zen garaira, hain zuzen ere.

Pandemiaren erdigunea

Europa eguneko 200.000 kutsatu baino gehiago izatera iritsi da, eta pandemiaren erdigunea da mundu mailan. Hala ere, konfinamendua saihesteko neurriak hartzeko garaiz dabiltzala uste dute Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) adituek. Erakundearen arabera, 42,5 milioi COVID-19 kasu izan dira mundu osoan, azken orduetan beste 438.000 atzeman ostean.

"Europa gaixotasunaren erdigunea da berriro, baina oraindik geldi dezakegu joera hori", adierazi du Mike Ryan OMEren Osasun Larrialdiko zuzendariak, COVID-19aren bigarren olderik izan ez duten herrialdeen eredua defendatu eta "sakrifizio handiagoak" eskatu aurretik.

Espainiako eta Frantziako estatuak, okerren

OMEren arabera, Frantzia da Europa Mendebaldean okerren dagoen estatua une onetan, positibo kopuruan Espainiako Estatua gainditu ostean.

Pandemiak Frantzian duen joera geldiezinak alerta maila gorenean jarri du Gobernua, eta orain arte hartzen ari den neurriak, etxeratze agindua bereziki, eraginkorrak ote diren aztertzen ari da, osasun agintariek konfinamendura itzultzea baztertzen ez duten bitartean.

Frantziako Estatuan batez beste 100.000 pertsona kutsatzen dira egunero, igandean atzemandakoen bikoitza, Gobernuaren aholkulari den Kontseilu Zientifikoaren arabera. Jean-Françoise Delfraissy erakundearen presidenteak azaldu duenez, "oso egoera zailean gaude, kritikoan", eta olde berri hau Alemania eta Suitza "ikasle onak" ere jotzen ari da.

madrid

Etxeratze agindua Madrilen. Argazkia: Efe

Espainiako Osasun Ministerioak 52.188 kasu berri jakinarazi zituen atzo, 5.217 azken 24 orduetakoak. Hala, guztira 1.098.320 dira pandemia hasi zenetik kutsatutakoak, eta hildakoen kopurua 35.031ra igo da, 279 zenbatu ostean. Azken 14 egunetako batez besteko inzidentzia tasa (100.000 biztanleko dauden kasuak) 410,18koa da, ostiralean baino dezente gorago.

Murrizketa gehiago Italian

Italian 17.012 kasu gehiago izan ziren azken 24 orduetan, bezperan baino gutxiago, baina proba gutxiago eginda.

Astelehen honetan sartu da indarrean azken asteotan gorantz egin duen birusari aurre egiteko Italiako Gobernuak onartu duen dekretua. Hala, ostalaritza establezimenduak 18:00etan itxiko dituzte azaroaren 24ra arte gutxienez, eta zineak, antzokiak eta gimnasioak ere itxita egongo dira.

Era berean, Italiako Atzerri ministerioak atzerrira ez bidaiatzeko eskatu die herritarrei, "behar-beharrezkoak ez diren kasuetan izan ezik", Europako egoera dela eta. Gainera, ez du baztertzen murrizketa gehiago ezartzea, eta kanpoan dagoenak itzultzeko arazoak izatea.

Alemania

Nurembergeko eguberrietako merkatua, Alemanian tradizio handia duena, bertan behera geratu da pandemiaren egoeragatik, eta aurki neurri gehiago iragartzekotan egon daitezke.

Izan ere, azken bi asteotan kutsatzeak ugaritu egin dira Alemanian, orain arte gainerako herrialdeetan baino datu hobeak izan ondoren.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra landerretako agintariekin elkartuko da asteazken honetan neurriak adosteko. Alemanian landerrena da murrizketak jarri eta kentzeko eskumena, baina Gobernua irizpidea ezartzen saiatzen da.

Alemanian 8.685 kutsatze izan ziren astelehenean (igandean 11.176 eta larunbatean 14.714).

alemania

Alemaniako aireportu bat. Argazkia: Efe

Erresuma Batuko iparraldean, geldiezin

Erresuma Batuak 19.790 kasu berri eta 151 hildako atzeman zituen igandean, eta hainbat eskualdetan neurri zorrotzagoak ezartzen ari dira pandemia kontrolatzeko.

Azken datuek agerian uzten dute COVID-19agatik ospitaleratutako pertsonen kopurua oso azkar igotzen ari dela Ingalaterra iparraldean, eta hainbat eremu (Liverpool eta Manchester, besteak beste) murrizketa gogorragoak ezartzen ari dira: janaririk ematen ez duten tabernak ixtea, bizikideak ez diren pertsonen elkartzeak debekatzea, eta bestelako aisialdi guneak ixtea.

EBren egoitzak

Europar Batasunaren Kontseiluak ahal den guztia murriztuko ditu aurrez aurreko bilerak, Europan duen joeragatik, baina Bruselan bereziki izaten ari den eraginagatik

"EBren funtzionamendua bermatzeko batzarrak edo COVID-19aren aurkako borroka koordinatzeko bilerak izango dira presentzialak, osasun neurri guztiak betetzen diren kasuetan soilik", adierazi zuen Sebastian Fischer Europako Kontseiluaren bozeramaileak.

Belgikan 12.491 kasu berri izan ziren egunero batez beste urriaren 16tik 22ra, aurreko astean baino % 44 gehiago, eta joerak horrela jarraitzen badu, zainketa berezien unitateek goia jo dezakete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Belgika Erresuma Batua Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa