Mundua -

Koronabirusa

Alemaniak ostalaritza itxiko du, baina eskolak eta merkataritza irekita egongo dira

Aisialdia, kultur eskaintza eta leku itxietako kirol ez profesionala ere debekatuta egongo dira, eta etxekoetatik kanpoko pertsonak gehienez 10 elkartu ahalko dira.

Terrazak Alemanian. Argazkia: Efe
Terrazak Alemanian. Argazkia: Efe
Alemaniak tabernak, jatetxeak, zine eta antzokiak itxiko ditu azaro osoan

1:2

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta landerretako agintariek tabernak eta jatetxeak ixtea, eta aisialdia, kultur eskaintza eta leku itxietako kirol ez profesionala debekatzea erabaki dute koronabirusari aurre egiteko neurri gisa, baina irekita eutsiko diote merkataritzak eta hezkuntzak.

Era berean, ahal den guztia murriztuko dira harreman sozialak eta batzarrak, Merkelek iragarri duenez. Neurriak azaroaren 2an jarriko dira indarrean, eta "osasun larrialdi nazionala saihestea" omen dute helburu, pandemia gogortzen ari dela ikusita.

Itxieraren ondorioz kaltetutako enpresei ordaina ematea aurreikusten du akordioak. Iazko garai berean izandako irabaziak aintzat hartuta, 10.000 milioi euro inguruko diru partida bideratuko dute.

"Astebetean bikoiztu egin da kutsatzeen kopurua. Orain ekin behar dugu", adierazi du Merkelek, kutsatze kopuru altuak arakatzea zailtzen duela aitortu aurretik.

Alemaniako Gobernuaren helburua "olatua haustea" da, bertako hedabideek zabaldu dutenez; eskolak berriro itxi behar ez izateko, eta merkataritzari eusteko.

Ondorioz, martxoan eta apirilean ezarritako murrizketak baino arinagoak izango dira, orduan merkataritza eta eskolak ere itxi zituztelako.

Neurri berriek lau asteko iraupena izango dute gutxienez, gabonetan berriro dena irekitzeko eta familien elkartzeak ahalbidetzeko.

Hori horrela, ezingo dira 10 pertsona baino gehiago elkartu elkarrekin bizi ez badira.

Era berean, beharrezkoa ez den bidaiarik ez egiteko eskatu dute, ezta herrialde barruan edo senitartekoak bisitatzeko bada ere. Turismo nazionala ere erabat debekatu dute.

Datuak

Birtualki egin duten gaurko bilera kutsatzeen goraka dela eta egin dute. Gaur beste ia 15.000 kasuren berri eman dute, duela hilabete ezinezkoa zirudiena, lehenengo oldea besteek baino hobeto kontrolatu zuen herrialde honetan.

Pandemia iritsi zenetik, 463.157 kasu atzeman dituzte Alemanian, eta 10.284 dira hildakoak.

Azken astean 100.000 biztanleko 99,1koa da kutsatze tasa, eta 50etik gora da arriskutsua bertako osasun agintarientzat.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa