Mundua -
Gerra
Libiako misioa urriaren 31n amaituko du NATOk
Herrialde aliatuetako enbaxadoreek operazioak amaitzea adostu dute. NATO pixkanaka misioaren gaitasuna txikitzen joango da.
Erredakzioa
Libiako misioa urriaren 31n amaitzea adostu du NATOk gaur, Nazio Batuen Erakundearekin eta Libiako Trantsizio Gobernuarekin (CNT) harremanak izan ostean, Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusi aliatuak gaur iragarri duenez.
Herrialde aliatuetako enbaxadoreek operazioak egun horretan amaitzea adostu dute. "Behin betiko erabakia datorren astean hartuko dugu" NBEkin eta CNTrekin bildu eta gero, adierazi du Rasmussenek prentsaurrekoan.
NATO pixkanaka misioaren gaitasuna txikitzen joango da, baina egoera kontrolatzen jarraituko du, "zibilen kontrako mehatxuei erantzuteko bitartekoak erabiliz, beharrezkoa izan ezkero", erantsi du.
Eztabaida bileran
Bileran aukera ezberdinak eztabaidatu eta gero hartu dute erabakia agintariek. Alituen arteko desadostasunek akordioa lau orduz atzeratu dute.
Bileran bi jarrera izan dira aliatuen artean: misioa berehala bukatzea eskatzen zutenek eta Libiako egoera egonkortu bitartean operazioa luzatzea nahi zutenek.
Desadostasunei garrantzia kendu die Rasmussenek, eta NATOren erabaki guztiak kide guztien arteko akordio batekin hartzen direla goraipatu du.