Mundua -

Amerikako Estatu Batuak

Bidenek boto zenbaketa irauli eta Trumpi aurrea hartu dio Pennsylvanian

Pennsylvanian garaipena lortzen baldin badu, Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautetsi izendatuko lukete, beste estatu batzuetan gertatzen denari itxaron beharrik gabe.

Bidenen aldeko manifestariak, Filadelfian (Pennsylvania). Argazkia: EFE
Bidenen aldeko manifestariak, Filadelfian (Pennsylvania). Argazkia: EFE
Zenbaketa astiro doa, baina gero eta aukera gehiago ditu Bidenek

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Alderdi Demokratako hautagaiak Donald Trump AEBeko presidenteari aurrea hartu dio Pennsylvaniako boto zenbaketan. Hauteskunde gauetik lehian dagoen estatuetako bat da, eta Trumpek ezin ditu bozak irabazi, bertan garaipena erdietsi gabe.

Ostiral honetako datuen arabera, Bidenek 3.295.000 boto baino gehiago eskuratu ditu, eta Trumpek 3.290.000 baino zertxobait gutxiago. Portzentajean aldea hamarren batekoa da soilik, CNN telebistak zehaztu duenez.

Konkretuki, zenbatu diren 31.671 bozetatik 27.396 lortu ditu Bidenek; Trumpek, ostera, 3.760 baino ez. Aldea nabarmenagoa da Filadelfian; izan ere, Bidenek 553.953 boto eskuratu ditu hirian, eta presidenteak 125.513.

Pennsylvanian garaipena lortzen baldin badu, Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautetsi izendatuko lukete, beste estatu batzuetan gertatzen denari itxaron beharrik gabe. Hautagai demokratak 253 hautes-boto bildu ditu oraingoz, eta 270ko langa gainditu behar du presidente izendatzeko. Honenbestez, Pennsylvaniako 20 ordezkariak lortzen baldin baditu, presidentetza bereganatuko luke.

Posta bidezko botoak Trumpen aurka egin du zenbait estatutan, inkestek iragarri bezala. Demokratek boto sistema hori aukeratu dutela begi-bistakoa da. Hala ere, presidenteak “iruzurra” salatu du, hori bai, inolako frogarik aurkeztu gabe.

Pennsylvanian ez ezik, Alaska, Arizona, Nevada, Ipar Carolina eta Georgian ez da zenbaketa amaitu. Georgian ere, Bidenek Trumpi aurrea hartu dio.

Boto zenbaketa berria Georgian

Hala ere, boto zenbaketa berria egingo dutela iragarri du Georgiako estatuak, emaitza estuak ikusita. Horrela gauzak, baliteke azarora arte itxaron beharra, hauteskundeak estatu horretan nork irabazi dituen jakiteko.

“Alde hain txikia izanda, beste zenbaketa bat izango da Georgian”, adierazi du Brad Raffensperger bertako Estatu idazkari errepublikanoak.

Hautagai irabazlearen aldea % 0,5 baino txikiagoa denean boto zenbaketa berri bat eskatzeko aukera ematen du Georgiako araudiak, eta Bidenen abantaila % 0,1 baino txikiagoa da oraingoz.

Hala eta guztiz ere, Bidenek ez du Georgian irabazi beharrik 270 ordezkariak ziurtatzeko, eta Etxe Zurira iristeko: Pennsylvanian garaipena erdietsiz gero, 284 hautes-boto eskuratuko lituzke, komunikabide nagusien arabera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Donald Trump hesia Joe Biden Kamala Harris