Itxi

Mundua

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Munduko buruzagi guztiek zoriondu dute Joe Biden eta aro berria hasteko eskatu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Bidenekin "lehenbailehen" biltzeko nahia agertu du. Netanyahu, Lopez Obrador eta Ali Jamenei ez dira gainontzeko buruzagiekin lerrokatu.

  • Kamala Harris eta Joe Biden garaipena ospatzen.

    Kamala Harris eta Joe Biden garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Mundu osoko gobernuetako buruzagiek eta goi ordezkariek zoriondu dute Joe Biden AEBko presidente hautatua, eta guztiek AEBekin harreman aro berria irekiko dela espero dutela esan dute.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi du Bidenekin bildu nahi lukeela "lehenbailehen", EB eta AEBak "lagunak eta aliatuak direlako". "Mundua aldatu eta erronka eta aukera berriak sortzen diren heinean, gure aliantza berritua bereziki garrantzitsua izango da", azpimarratu du. Horren harira, Europako Batzordea "Administrazio berriarekin eta Kongresu berriarekin lankidetza areagotzeko prest" dagoela esan du, "aurrez aurre ditugun premiazko erronkei aurre egiteko". Besteak beste, pandemia eta pandemiaren eragin ekonomiko eta soziala azpimarratu ditu, baita "segurtasun komuna indartzea eta arauetan oinarritutako sistema multilaterala erreformatzea" ere.

Ildo beretik mintzatu da Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea ere. "Europar Batasuna prest dago Atlantikoaz gaindiko aliantza indartsu bat egiteko", idatzi du Twitterren duen kontu pertsonalean, eta Europak AEBekin batera jorratu nahi dituen gaien artean "COVID-19a, multilateralismoa, klima aldaketa eta nazioarteko merkataritza" daudela azpimarratu du.

Era berean, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak azpimarratu du "Estatu Batuen lidergoa inoiz baino garrantzitsuagoa" dela "igarri ezin den mundu batean", eta Administrazio berriarekin lan egiteko desioa agertu du, "Ipar Amerikaren eta Europaren arteko lotura indartzen jarraitzeko".

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ere zorion mezu bat idatzi du Twitterren. Administrazio berriari "zortea" opa dio, eta "prest" agertu da AEBekin kooperatzeko eta erronka globalei "elkarrekin" aurre egiteko.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere hitz egin du: "Estatubatuarrek beren presidentea aukeratu dute. Zorionak Joe Biden eta Kamala Harrisi! Asko dugu egiteko gaurko desafioak gainditzeko! Elkarrekin egin dezagun!".

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak "zortea eta arrakasta" opa dizkio Bideni, eta Harris zoriondu du, lehen emakume presidenteordea izateagatik. "Etorkizunean Biden presidentearekin lan egiteko irrikan nago. Gure adiskidetasun transatlantikoa behar-beharrezkoa da garai honetako erronka handiak gainditu nahi baditugu", azpimarratu du.

"Zorionak Joe Bideni Estatu Batuetako presidente aukeratua izateagatik eta Kamala Harrisi bere lorpen historikoagatik", adierazi du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, AEBak euren "aliatu garrantzitsuena" direla azpimarratzearekin batera. "Elkarrekin lan egin nahi dut gure lehentasunak partekatuz, aldaketa klimatikotik merkataritzara eta segurtasunera".

EBko 27 estatuek zoriondu dute Joe Biden.

Zorionak Ameriketatik, Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak ere bat egin du Biden eta Harris zoriontzearekin. "Gure bi herrialdeak gertuko lagunak, bazkideak eta aliatuak dira. Munduan bakarra den harremana partekatzen dugu. Gogo handia dut elkarrekin lan egiteko eta zuekin harremana garatzeko".

Ivan Duque Kolonbiako presidenteak "kudeaketarik onena" opa die Bideni eta Harrisi. "Elkarrekin lan egingo dugu merkataritzan, ingurumenean, segurtasunean eta krimen transnazionalaren aurkako borrokan agenda bateratua indartzeko", gaineratu du.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea izan da presidentetzako bikote hautatua zoriondu duen azken agintarietako bat, eta, esan duenez, agintean dagoen herrialdea "beti egongo da prest herritarrekin eta AEBetako gobernuarekin hitz egiteko eta elkar ulertzeko".

Alberto Fernandez Argentinako presidenteak, berriz, estatubatuarrak zoriondu ditu "hauteskundeetan izandako parte hartze errekorragatik eta herriaren borondatearen adierazpen argia" egiteagatik. Presidente berria zoriondu du, baita "herrialde horretako lehen emakumezko presidenteordea" ere. Zorion mezua helarazi diete Sebastian Piñera Txileko presidenteak eta Luis Alberto Lacalle Pou Uruguaikoak ere.

Afrikan, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak "adiskidetasun eta lankidetza harremanak sakontzeko" nahia agertu du, eta Emmerson Mnangagwa Zimbabweko presidenteak arrakasta opa dio presidente berriari, eta "gure bi nazioen arteko lankidetza areagotzeko" elkarrekin lan egin ahal izatea espero duela ere gaineratu du.

Ekialde Hurbiletik, Abdelfata al Sisi Egiptoko presidentearen eta Michel Aoun Libanoko presidentearen zorionak jaso dituzte Bidenek eta Harrisek.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "desiorik onenak" adierazi dizkio Bideni: "Joe, harreman pertsonal luze eta beroa izan dugu ia 40 urtez, eta badakit Israelen lagun mina zarela. Zuekin lan egitea espero dut, mantentzen dugun aliantza berezia are gehiago indartzeko ", idatzi du.

Hasan Rohani Iraneko presidenteak, bere aldetik, AEBko "politika suntsitzaileak aldatzea" espero duela esan du.

Bestelako ahotsak

Bideni zorionak eman arren, Netanyahuk Donald Trumpi eskerrak eman dizkio Israelgo Gobernuaren alde egindako lanagatik: "Eskerrik asko Israelgo estatuarekiko eta nire pertsonarekiko erakutsi duzun adiskidetasunagatik, Jerusalem eta Golan aitortzeagatik, Irani aurre egiteagatik, bake akordio historikoengatik eta bi herrialdeen arteko aliantza aurrekaririk gabeko mailara igotzeagatik".

Hautagai demokrata zoriondu ez duten buruzagien artean Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea dago. Prentsaurreko batean, agintari mexikarrak esan du zenbaketa amaitu arte itxarongo duela, eta Bidenekin eta Trumpekin harreman ona duela esan du. Zehazki, Trumpek bere herrialdearekin "tratu ona" izan duela esan du.

Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak esan duenez, "Estatu Batuetako demokrazia liberalaren aurpegi itsusiaren adibide bat da hau. Emaitza edozein izanda ere, gauza bat argi dago, Estatu Batuetako erregimenaren behin betiko gainbehera politikoa, morala eta zibila".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena