Mundua -

Saudi Arabia

Hainbat zauritu Yedan, Europako diplomazia zegoen ekitaldi baten aurkako erasoan

Granada bat jaurti dute Lehen Mundu Gerraren armistizioa gogoratzeko ekitaldi bat egiten ari zen hilerri baten kontra.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat pertsona zauritu dira gaur Yedan (Saudi Arabia) Lehen Mundu Gerraren armistizioa gogoratzeko egiten ari ziren ekitaldi baten kontrako erasoan. Ekitaldian Europako diplomaziako hainbat kide zeuden, baina ez dute zehaztu zauritutakoen artean ote dauden.

Frantziako Atzerri Ministerioak bere webgunean jakinarazi duenez, lehergailu batekin egin dute erasoa. Le Figaro egunkari frantsesak Saudi Arabiako iturriak aipatuta zehaztu duenez, granada batekin egin dute erasoa eta lau pertsona zauritu dira.

Hedabide horren arabera, Yeda hiriko hilerri ez musulman batean egiten ari ziren ekitaldia izan da erasoaren jomuga.

Iturri horien arabera, Frantziako, Italiako eta Erresuma Batuko kontsul nagusiak bertan ziren, Frantziako eta Erresuma Batuko Defentsako agregatuez gain, baina oraingoz ez dago zaurituen berririk.

Azkenik, ustezko erasotzailea atxilotu dutela esan dute, baina Saudi Arabiako agintariek ez dute horren inguruan ezer esan.

Gertakaria urriaren 29an Yedako kontsuletxeko segurtasun guardi bati labana batez hil eta bi astetara izan da, Nizako eliza batean izandako atentatu batean hiru pertsona hil zituzten egun berean.

Saudi Arabiak Frantzia kritikatu du Mahomaren karikaturak zabaltzeagatik eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "separatismo islamistaren" aurka egindako kritikengatik. Gehiengo musulmana duten hainbat herrialdetako agintariek bat egin dute kritika horrekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Italia Saudi Arabiari buruzko albisteak